Aurreikuspen ekonomikoak gelditu egin dira Euskadin urteko azken hiruhilekoari begira

Aurreikuspen ekonomikoak gelditu egin dira Euskadin urteko azken hiruhilekoari begira

5 min.

Aurreikuspen ekonomikoak gelditu egin dira Euskadin urteko azken hiruhilekoari begira

Konfiantza-indizeak 49,5 punturekin ixten du 2023. urtea, hirugarren hiruhilekoaren antzeko balioa lortuz (49 puntu izan ziren). Indizea 50 puntu inguruan egoteak aurreikuspenen geldialdia adierazten du. Horrek esan nahi du enpresek ekonomiaren bilakaerari buruz duten ikuspegia neutroa izaten jarraitzen dutela 2023ko laugarren hiruhilekoari begira.

Aztertutako beste eremu geografiko batzuetako indizeak ere geldialdia adierazten dute urteko azken aldi horretan, Espainian 50,1era heldu eta 47,2ra erori da Eurogunean (irailean). Zifra horiek gutxi gorabehera 6 puntuko jaitsiera dakarte aurreko txostenarekin konparatuta, eta, horren ondorioz, aurreikuspen ekonomikoak euskal enpresek dituztenen oso antzekoak dira.

Ohikoa den bezala, zifra horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkesta baten bidez lortu dira, zeina LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak egiten duen.

Ingurune ekonomikoa eta enpresen aurreikuspenak

Ingurunea hobetuko dela uste duen erakundeen ehunekoa 5 puntu jaitsi da azken txostenarekin alderatuta, eta % 8,8an dago (maiatzeko datua % 13,7 zen); horrek ingurune ekonomiko ezkorragoa erakusten du, aurreko hiruhilekoarekin alderatzen badugu. Kasu honetan, euskal enpresen % 34k baino gehiagok usten du oraindik egoerak okerrera egingo duela beste hiruhileko batez, eta hirugarren hiruhilekoan % 25ek uste zuten hori.

Fakturazioaren eta eskabideen eboluzioa

Era berean, txosten honetan aztertzen dira fakturazioari dagokionez euskal enpresek dituzten aurreikuspenak. Hirugarren hiruhilekoan izandako jaitsiera arinaren ostean, urtearen lehen erdian izandako bide positiboa berreskuratu da; izan ere, hobekuntzak aurreikusten dituzten enpresen ehunekoa % 23,7tik % 27,3ra igo da. Hala ere, % 53,2k oraindik uste dute haien fakturazioa antzekoa izango dela, edo okerragoa ere izango dela, % 19,5en kasuan.

Fakturazioarekin lotutako adierazlearen harira, hiruhileko honetan jarduerari lotutako aurreikuspenak apur bat okertu ziren. Kasu honetan, hori hobetuko dela uste duten enpresak % 14,6 dira, eta 2023ko hirugarren hiruhilekoan % 20 ziren. 

Dagoeneko aurrekoetan aipatu dugun bezala, salmenta-kopuruak eta prezioek ere eragina dute fakturazio aurreikuspenetan eta enpresa baten jardueran. Ildo horretan, aurreko hiruhilekoen ez bezala, emaitzek hobekuntzak iradokitzen dituzte eskaera-kopuruan, bai eta prezioen igoera ere. Euskal erakundeen % 16k diote prezioek igotzen jarraituko dutela, eta % 70 baino apur bat gehiagok diote prezioak egonkor mantenduko direla datozen hilebeteetan.

Eskaera-kopuruari dagokionez, galdeketan parte hartu duten enpresen % 23,4k espero du horrek gora egitea, beraz gorakada arina ikus daiteke aurkeztutako azken txostenarekin alderatuz (20 puntu). Hala ere, oraindik erdiak baino gehiagok uste dute egonkor mantenduko dela. 

Errentagarritasun eta inbertsioarekin lotutako aurreikuspenak

Eragiketen errentagarritasunaren aurreikuspena ere adierazle garrantzitsua da, Enpresa-Konfiantzaren Indizea lortzeko. Orokorrean, datu honek etengabeko negatibotasuna izan ohi du, nahiz eta aztertutako azken bi aldietan gorakada arin bat izan. Joera negatiboa mantendu egin da hiruhileko honetan, % 89,8k uste baitute errentagarritasuna antzekoa edo txikiagoa izango dela (irailean % 85,5 ziren).

Orain arte aztertutako datuek ez dute baikortasuna bultzatzen, aurreko hiruhilekoaren oso egoera antzekoa eskaintzen baitute. Horrek esan nahi du euskal enpresek oraindik ez dituztela haien inbertsio-planak berrabiarazten. Enpresen % 14,2 soilik da baikorra, eta uste du inbertsioen kopuruak gora egingo duela, 2023ko hirugarren hiruhilekoan % 12,8k uste zuten hori. Hala ere, % 18,5ek oraindik uste du datu honen joera beheranzkoa izango dela (azken aldian % 15,2k uste zuten hori), eta % 66,8k uste dute egonkor mantenduko dela. 

Enplegua enpresetan

Euskal enpresek iritzia aldatzen ez duten alderdietako bat enplegua sortzea da. Hirugarren hiruhilekoan bezala, erakundeen % 80k uste du hori mantendu egingo dela. Hala ere, haien langile kopurua handitzea aurreikusten duten enpresen kopurua % 14,7tik % 9,3ra igaro da, eta aurkakoa uste dutenak % 10,7 dira.

Jarraian aurkeztuko diren datuak beste gai batzuen analisia dira, zeinak galdeketan sartu ziren, baina ez dira enpresa-konfiantzaren indizearen parte. Etorkizuneko egoera ekonomikoa hobeto irudikatzen laguntzen digute honako hauek:

Esportazioen bilakaera

Lehenengoa enpresen esportazioek azken urtean izan duten bilakaera da; bertan, aurrez aztertutako datuen ildotik, ikusi dugu bigarren hiruhilekoz jarraian joerak apur bat ezkorra izaten jarraitzen duela. 

Enpresen % 31 baino gehiago ezkorrak dira eta uste dute haien atzerriko salmentek okerrera egin dutela, horiek aurreko hiruhilekoan baino 5 puntu gehiago dira, zeinak % 26 ziren. Hala ere, % 25,5ek baikor jarraitzen dute, eta uste dute atzerriko salmentak hobetu egin direla; % 43,1ek uste dute mantendu egin direla.

Berrikuntza edo I+G alorreko ekimenak

Aztertu beharreko beste parametro bat berrikuntzetara edo I+G alorreko ekimenetara zuzendutako salmentak dira; horietan, azken txostenean bezala, aldaketa txikiak ikus daitezke. Kasu honetan, galdeketan parte hartu dutenen % 85,4 oraindik gutxieneko balioetan daude, % 0 eta % 1 artean, eta datu hori igo egin da (% 82 zen 2023ko hirugarren hiruhilekoan). Aurkako kasuan, soilik % 4,9k bideratzen du % 5 baino gehiago helburu horretara.

Bezeroei kobratzeko epea eta bankuen finantzaketa

Bezeroei kobratzeko epeak aldaketa handirik izan gabe jarraitzen du, 2023an aztertutako aldiekin alderatuz. Hamar enpresatik ia zortzik datu hau berdin mantendu dute azken urtean zehar, eta % 16,6ren kasuan epea luzatu egin da.

Antzeko joera izaten jarraitzen duen beste datu bat bankuen finantzaketa da. Inkestan parte hartu duten euskal enpresen % 73,7k oraindik uste du berdin mantendu direla azken urtean zehar (aurreko hiruhilekoan % 73 zen). Gainerakoen artean % 18,5ek uste du okerrera egin duela, eta % 7,8k uste du hobetu egin dela, datu horrek ia 3 puntuko igoera izan du.

Next Generation Funtsak

Askotan esan dugu Europako Next Generation Funtsek garrantzi handia izaten jarraituko dutela industria-ehuna birsortzeko.

Horregatik, inkesta honetan ere, gai honi buruzko bi galdera gehigarri egiten jarraitzen dugu. Lehena haiei buruzko ezagutzarekin lotuta dago, eta euskal enpresen % 74,6k dio ezagutzen dituela. Datu honetan goranzko joera arina ikus dezakegu, egindako azken galdeketan % 73,5 baitzen. Hala ere, nahiz eta gero eta enpresa gehiagotan Funtsak ezagutzen dituzten, soilik % 19,3k dio funts horietara sarbidea izan duela.

Informazio guztia esteka honetan deskargatu dezakezu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Ikerketak Inkestak Ekonomia