logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

«Ahalegin handiagoa egin behar duzu demostratzeko gizon bati aldez aurretik egozten zaiona»

«Ahalegin handiagoa egin behar duzu demostratzeko gizon bati aldez aurretik egozten zaiona»

 


Bakartxo Ruiz, legebiltzarkidea eta irakaslea

Nafarroako hiri buruzagian jaio zen, Iruñeako Alde Zaharreko murruen altzoan, Arrotxapean. Ikasle zenean, hiru ikastola ezagutu zituen, Herrikoa, Paz de Ziganda eta San Fermin eta hirugarrenean, Uxue Barkosek Nafarroako Presidenta Ohiak ikasi zuen berean lortu zuen bere lehen lana, Gasteizen Euskal filologia bukatu eta berehala. Hamabi urtez jardun zuen bihotzez maite duen lan horretan, harik eta politika ate joka etorri zitzaion arte. Euskal Herria Bildu koalizioa sortu berri partaidetza eskatu zioten eta politikagintza instituzionalean jardun du ordutik. 2023an hamabi urte egingo ditu Nafarroako Parlamentuan, irakasle bezala egin zituenak bezain beste, eta hasieratik emandako hitza beteko duela konfirmatu berri du. Politika profesionala utzi eta bere lehenbiziko lanbidera itzuliko da. Datorren ikasturtetik aurrera berriz izango da Bakartxo Ruiz, euskara irakaslea.

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

BAKARTXO RUIZ. Nik sentitu dut konfidantza hori jendearen aldetik, maitasun hori eta hori bada errekonfortantea. Bueno ba ordu asko eman dituzu, jende eta kolektibo eta pertsona askorekin lanean, gauzak aurrera atera nahian, batzuetan lortu duzu, beste batzuetan ez, baina egia da orohar jendea oso esker onekoa izaten dela, oso esker onekoa.

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Bakartxo Ruiz 1977an jaio zen, Iruñean, abuztuko egun batez. Eta bertan, gurekin zita egin duen hiri zaharrean, Iruñean eman ditu bizitzen karrera ikasten pasa zituen lau urteak ez beste guztiak. Irakasle lehenik, politikagintzan gero: ez omen dira hain lanbide desberdinak.

BAKARTXO. Nik uste antzekotasun asko daudela eta nik askotan esan dut, e? Alde batetik, eta erdi bromatan esaten dut askotan, neurri batean, parlamentuan egotea nerabeekin lan egitearekin alderatuta ez dela horren diferentea. Eta batzuk barre egiten dute. Barre egiten dute baina benetan horrela sentitu izan dut eta horrela sentitzen dut askotan. Ez naiz hain desentrenatuta bueltako, hori alde batetik. Eta gero antzekotasun handiak daude. Egunero ikasi beharra. Egunero, ba, gauza berrien aurrean aurpegia eman beharra eta besteengandik ere izugarri ikastea. Bai ikasleengandik eta baita politikarien aldetik ere.

Satisfaktorioagoa da seguraski ikasleekin lan egitea, emaitzak, ez modu tangiblean, baina modu intangiblean eta askotan horretaz urte asko pasa ahala ohartzen zara baina emaitzak badaude. Ikasle batzuk esate baterako, 14 urterekin euskaraz hitzerdi bat egiten ez dutenak eta handik urte batzuetara, hamar urtera, kaletik topatzen dituzunean, koadrillan, askotan mantentzen dituzte txikitako lagunak eta koadrilla hori euskaraz bizi dela edo euskaraz naturaltsunez aritzen dela ikustea  oso pozgarria da. Edo hezkuntza ibilbide konplikatu batekin, momentu pertsonal eta emozional zaila bizitzen ari baldin badira eta nerabezaroak hori ere badauka eta ikustea momenturen batean laguntza emateko edo konfidantza emateko gai izan zarela eta horrek agian zu ez zarela ohartu momentuan hain inportantea zenik hitz bat, elkarrizketa bat, edo ez dakit nolako laguntza ematea eta gero ikasle horrek berak handik bi urtera esaten dizunean, jo, ze inportantea izan zen, txip aldaketa bat eragin zidan. Eraldaketa txikiak, pertsonalak eta gero iruditzen zait, Galeanorena, ez? Gauza txiki askoren bidez ere aldaketak eragin daitezke

IRATI (LK). iIan daiteke jende askorentzat txikia irakaskuntza politikarekin konparatuta. Ez ordea gure gonbidatuarentzat. Oso umetatik izan du irakasle izateko gogoa, ilusioa, bokazioa.

BAKARTXO. Beste lanbide batzuetan ere badira oso bokazionalak direnak eta nik beti pentsatu dut hezkuntza mundua da marabillarik handiena. Medikuek ere esango dute. Bueno, ba, badauka berea ere, ez? Baina zerbitzu publikoaren ikuspegitik nerabeekin lan egitea oso-oso satisfaktorioa da, politika mundua baino askoz ere gehiago, zalantzarik gabe. Eta arlo guztietan bezala momentu on eta txarrak daude baina egunero ikasten da zerbait eta hori niretzat oso-oso inportantea da. Eta nerabeek 14-15 urterekin ezagutzen dituzunean eta 18 urtera bitartean, hori izan da nik landu dudan edo tokatu zaidan adin franja asko ikasten da beraiengandik eta zure buruarengandik ere bai, e? Nola eragin ahal den neurrian beraien bizitza proiektuan eta hezkuntza ibilbidean aurrera egiteko, nola sustatu eraldaketa txikiak baldin badira ere bai hezkuntza munduan, bai metologikoki ikasleen garapenean egin dezakezun ekarpena, jakinda laguntzaile bat besterik ez zarela gurasoekiko harremanean, ikastola bezalako proiektu batean ere, ekarpen bat egitea, hizkuntzaren sustapenaren ikuspuntutik… gauza berri asko egin daitezke egunero eta hori oso-oso pozgarria da niretzat.

IRATI (LK). Batzuk, dio, entzun edo irakurri arte ez dute sinesten baina berak beti izan du garbi politikagintza profesionala aro bat izango zela bere bizitzan eta ez betiko kontua. Naturaltasun handiz bizi du trantsizio hori, batere dramarik gabe.

BAKARTXO. Politikan batzuetan jotzen dugu pentsatzera proiektu politikoak edo beste edozein arlotan ere kolektiboak direla eta azkenean pertsonek ekarpen jakin bat egiten dutela baina oso tristea da eta azkenean politikan hori ere ikusten da proiektu bat eraikitzen denean pertsona baten inguruan poriektu horrek dituen hankak oso ahulak dira. Eta horrek azkenean eraldaketak sustatzeko eta proiektuak benetan sustraitzeko eta sendotzeko zailtasun handiak izaten dira. Nik horri izugarrizko balioa ematen diot. Beti esaten da behetik gorako zerbait izan behar duela, proiektuak gero eta horizontalagoak izan behar direla eta uste dut inportantea dela horretaz ongi jabetzea. Inor ez dela inor baino inportanteagoa sentitzea. Eta lantaldeetan batzuetan ardura batzuk hartzen dituztela pertsona batzuek, baina hori azkenean adosten dela eta aldatzeko aukera dagoela, eta erreleboak badaudela. Eta uste dut hori ez dela hain ohikoa politikan eta horretara jo behar dugula.

IRATI (LK). Kreditu-kooperatiba gisa guk ez daukagu zalantzarik: ziur gaude politikagintzari ere on egingo liokeela talde lanari garrantzi gehiago emateak. Eta maila pertsonalean, kalterik ez duela ekarriko pentsatzen dugu.

BAKARTXO. Politika instituzionalak badauka bere alde ona eta niretzat izan da izugarrizko ohorea. Jende asko ezagutu dut, asko ikasteko aukera eman dit, sentitu dut batzuetan gauza politak egin ditugula eta jendarteari begirako neurri positiboak eta aurrera ateratzeko gai izan garela, edo hor nire aletxoa jarri dudala. Baina egia da alde guztiak ez direla onak eta nekagarria den mundua dela, presio handikoa, egunero ezin burutik kendu gaurkotsuna. Azken uneko albistearen mende bizi behar zara eta horrek ere nekatzen du.

IRATI (LK). Politikagintza instituzionalean ondo moldatzea ez da erraza. Jakin egin behar da frustrazioarekin bizitzen, norbere proiektu politikoa nekez burutu daitekeelako hasi eta buka; jakin egin behar da ardurarekin bizitzen, kontu publikoak inportanteak direlako, eta jakin egin behar da ikusgarritasunarekin bizitzen. Irakaslearena bezala, hori ere jendaurrean egiten den lana baita.

BAKARTXO. Nik beti esaten dut izugarrizko zortea izan dudala, ez dudalako halako esperientzia txarrik izan, ez zait inor etorri irainka kaletik edo kargu hartzera modu txarrean. Baina egia da jendeari aurpegia eman behar diozula eta jendeak beti daukala zerbait esateko, gehienetan ona izaten dena eta autobusean zoazela eta jendeak ezagutzen zaitu eta agurtzen zaitu, modu onean, baina egia da zure bizitza pribatuaren parte bat jokoan geratzen dela eta ardura bizkar gainean ardura hori sentitzea ez dela erraza momentu batzuetan. Beste modu batera jokatuko zenukeelako kontextu batzuetan eta ez duzu egiten hain zuzen ez zarelako ia Bakartxo Ruiz Jaso Arrotxapeako biztanle arrunta baizik eta zure izenaren atzean ere balore batzuk egon behar dutelako, marka bat dagoelako eta egin dezakezuna horri ere lotzen zaiolako.

IRATI (LK). Nola eraman dezakeen norberak ondo presio hori? Norbere burua ezagutzea inportantea dela dio gure gonbidatuak.

BAKARTXO. Uste dut beti izan naizela oso konziente eta horrek izugarri lagundu didala bai irakaskuntzan eta bai politikan ere, zure buruaren ezagutza objektibo bat, ahalik eta objektiboena izatea. Eta hori denborarekin ikasten da. Ez naiz batere egolatra. Ez naiz, ez dakit nola esan, bere burua inor baino hobea denik sinisten duena. Baina autoestima badaukat Autoestima badaukat. Eta bereziki oso ongi dakidalako edo uste dudalako nik behintzat nolako dohaiak ditudan, zer egiteko gai naizen, eta bereziki zertan ez naizen ona, eta zer egiteko ez naizen gai, edo zer ez zaidan gustatzen edo zer kostatzen zaidan askoz ere gehiago. Orduan, bueno, zure buruarekin zintzo jokatzen baduzu, eta esan badituzu ahulgune batzuk, badituzu indarguneak, ahulguneetan bueno ba bizitzan zehar saiatzen zara hobetzen, interesa baldin badugu hobetzeko. Ni marrazketan oso txarra naiz ba nire bizitzan ez da drama bat, baina bai interesa badaukazu gauza batzuetan hobetzen eta gero konziente izatea, ba ona naiz hainbat dohain baditut eta horrek laguntzen dizu aurrera egiten eta zure buruan konfidantza izaten. Eta autoestima ere egunero ez dago berdin eta hanka sartzen duzu baina hanka sartzen duzunean ere zure burua ez flagelatzeko balio dizu, zure buruarekin ere ariketa bat egiteko eta aurrera jarraitzeko eta nik suerte hori behintzat badut eta hori inportantea da.

IRATI (LK). Inportantea, besteak beste, badituelako politikak berezko zailtasunak edonorentzat eta baditu zailtasun apartekoak emakumeentzat. Norbere meritu eta gaitasunei dagokionez, gizonek berezkoa duten atentzioa, aitortza, prestijioa, emakumeek -lortzen dutenean- asko kostata soilik lortzen dute.

BAKARTXO. Denbora gehiago behar da eta behar dugu emakumeok kontuan hartuak izateko. Askoz ere … topiko bat ematen du baina errealitatea hori da, askoz ere ahalegin handiagoa egin behar duzu demostratzeko gizon bati aldez aurretik egozten zaiona.

IRATI (LK). Frogarik gabe aitortzen zaiona eta guri frogak eta frogak eta frogak eskatzen zaizkigu.

BAKARTXO. Hori da. Urteak pasa behar dira normalean nolabaiteko aitortza egiteko eta gero, orain, sare sozialen garaian bizi gara eta atentzioa izugarri ematen dit sare sozialetan kritika politikoa, denok jasotzen dugu, ez daukat batere problemarik kritikak eta iritziak eta kontrako iritziak jasotzeko baina askotan iritzi horiek edo fisikoari lotuta doaz edo irain oso-oso matxistei lotuta doaz eta ez dakit jaso dezakezun politikagintzan arituta irainik okerrena baldin bada ‘fea’, ‘orco’ eta horrelako hitzak jasotzea bueno ba nire gizon kideek ez dituzte holakorik jasotzen.

IRATI (LK). 1978rarte emakumeek ezin zuten bere izenean kontu korronte bat sortu orduko Euskadiko Kutxan. Egun, LABORAL Kutxan gehiago dira emakume bazkideak gizonak baino, zuzendaritza postuetan bagoaz  genero arrakala ixten eta ia %40 dira orain emakumeak, eta gure zuzendaritza organu gorenean, erdi eta erdi dira gizon eta emakumeak. Finantza erakunde bakarra gara Estatu osoan Kontseilu Errektore parekidea duena. Historiak aurrera egiten duela, alegia. Baita politikagintzan ere. Nafarroako Parlamentua osatu zenean, 1979an, 50 legebiltzarkidetik 2 ziren andreak, eta egun erdia baino gehiago dira.

BAKARTXO. Retrospektiba hartzen baldin badugu emakumeon parte hartze politikoan urratsak egin dira. Eta hor ez dugu ukatuko kuoten sistema eta zerrenda kremailerak eta paridadearen aldeko legeak ezinbestekoak izan direla. Zoritxarrez. Baina ezinbestekoak izan direla. Eta hori gabe ez ni ez momentu honetan parlamentuan gauden emakume asko ba ez ginen sekula jardun honetan ariko.

IRATI (LK). Kuoten sistemen kontrakoek esaten dutena “eta etorriko da edonor…” eta balio ez duen norbait… eta hori frogatu da…

BAKARTXO. Baina hori gizonen kasuan… beti egon dira gizonak eta inork ez du planteatu…

IRATI (LK). Hori da…

BAKARTXO …ia balio zuten ala ez zuten balio. Orduan derrigorrez emakumeak sartu behar baldin badira aurreritzia da akaso ez dutela balioko. Eta beraien genitalen arabera egongo direla edo ez zerrenda batean. Nik uste tamalez, eta nahiko nuke beste modu batera izatea baina nik uste halako legeak ezinbestekoak direla emakumeok parte hartzea bermatu ahal izateko. Baina momentu honetan era berean iruditzen zait bilakaera bat ere izan dela eta jendartean herritarren erdia baino gehiago ordezkatua sentitzeko eta gizonek ere oso ongi ordezkatu naute askotan, baina egia da naturaltasun osoz bilakaera horren baitan emakumeok ere lehen lerrora etortzea eta ardura maila diferenteak eta izatea eta gizonen parera egotea hori naturaltasunez ikusten dudala eta egia esan momentu honetan uste dut lehenengo legegintzaldia dela Nafarroako parlamentuan emakume gehiago gaudela gizonak baino.

IRATI (LK). Berari, duela dozena bat urte ez zioten, dioenez, aukera gehiegi eman edo ez behintzat denbora gehiegi eman politika instituzionalera salto egin edo ez erabakitzeko.

BAKARTXO. Eta akaso hobeto. Denbora askorik ez izanagatik. Ezezkoari eusteko. Denboraren erretrospektiba pixka bat egiten dudanean pentsatzen dut: jakin izan banu beharbada ezezkoa emango nuen eta beraz pozten naiz baldintzarik ez nuelako izan ezezkoa emateko.

Zerbaitetan ari zarenean edo erabateko konpromisoz ari zara edo bestela nik ez dut balio azalkerietan ibiltzeko. Eta ilusioa eta konpromisoa dituzuenean ba tokatzen dena egiten duzu. Bai arlo profesionalean ere berdin. Irakaskuntzak ere konpromiso asko eskatzen du. Eta ez baduzu konpromiso hori, sufrituko duzu. Sinetsi behar duzu proiektu batean. Sinetsi behar duzu zure lana inportantea dela eta ekarpen bat ekin dezakezula.

IRATI (LK). Bide horretan, politikagintzarenean, irakasle honek zer ikasi duen jakin nahi izan dugu.

BAKARTXO. Ba, ikasi dut oso ideologia ezberdinetako jendearekin harreman ona izan daitekeela. Hori ere topiko bat izango da eta batzuek ez dute erabat sinetsiko baina egia da. Ikasi dut akordioetara lortzeko eta gerria izatea, edo esku ezkerra… malgutasun handiagoz jokatzen eta zuk defendatzen duzun horretatik beste batzuengana hurbiltzeko ahalegina egiten eta malgutasun handiagoz jokatzen eta birplanteatzen edo zalantzan jartzen zuk hasiera batean oso argi eta oso ziurtzat jotzen dituzun gauza batzuk iritziz aldatzen. Horretan ere ikasi dut. Eta ikasi dut… tira, lantaldean aritu izan naiz, ikastolan ere lankidetzan aritu naiz eta lankideen balioa eta garrantzia ezinbestekoa da eta agerikoa da. Baina politikan ere pertsonalismoetatik urrun ibili behar dugula eta azkenean taldeek eta gizon eta emakumez osatutako taldeok egiten dugula aurrera. Eta proiektu politikoetan bai lankide batzuekin, hau da, modu kolektiboan pentsatzen.

IRATI (LK). Hori guztia ikasita, itzuliko da ikasgeletara datorren kurtsoan Bakartxo Ruiz. Gogoa daukala dio. Nahiz eta klaseko lehen egunak, hori denok dakigu, mundu guztia urduritzen duen apur bat.

BAKARTXO. Orain bertigo pixka bat sentitzea ez da txarra. Ni beti izan naiz oso temerarioa. Eta parlamentuan ere halako “aterrizaje forzoso” bat egin nuen moduan. Nire burua prestatua ikusten dut, hamabi urtetako esperientzia hau pasa ondoren nire burua gai ikusten dut edozeri aurre egiteko. Hori oso garbi daukat. Bertigo pixka bat ematen dit baina gogoa ere badaukat.

IRATI (LK). Hamabi urteko esperientzia parlamentarioarekin itzuliko da Bakartxo Ruiz duela hamabi urte utzitako lanera. Bertigo apur batekin, gogoz, ilusioz. Edozeri aurre egiteko sentsazioarekin dio eta ez da jarrera txarra. Akaso ez dugu besterik esan nahi feminismoaren ikuspuntutik ahalduntzeaz hitz egiten dugunean. Horixe sentitzea, erronkei aurre egiteko gai garela, taldekideekin ardurak konpartituz, dakiguna praktikan jarriz, eta ez dakiguna ikasiz. Lezio bat aukeratu behar izatekotan, esango genuke horixe dela irakasle honekin gaur ikasi duguna.

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean