logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

«Ahalik eta jende gehienarentzat aritzen naiz, baina interesgarrienentzat jarduteari uko egin gabe»

«Ahalik eta jende gehienarentzat aritzen naiz, baina interesgarrienentzat jarduteari uko egin gabe»

Félix Linares, zinema-kritikaria eta kazetaria

FÉLIX LINARES. Gako moduko bat erabiltzen dut nik, eta nire hurbilekoek badakite zein den; gainerakoei, berriz, oraintxe azalduko diet, inork aprobetxatu nahi badu: film bat ona dela esaten badut, niri hala iruditzen zaidalako da. Bestela, protagonista Brad Pitt duen film bat dela esaten dut. Zenbaiten iritziz, Brad Pittena bada, ona da nahitaez. Baina nik ez dut horrelakorik esan.

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcasten, Spotifyn edo gogokoen duzun podcast-plataforman. Post honetan pasarte honen transkripzioa aurkituko duzu, editatua, irakurgarri egon dadin.

IRATI JIMÉNEZ (LABORAL Kutxa). Hain dira txundigarriak batzuen ibilbide profesionalak, ezen esaldi topikoak eta maiztuak erabili behar izaten baitira behar bezala deskribatzeko. Gure gonbidatua, esate baterako, «irrati-esatari historiko bat» dela esan daiteke, edo —gehiegikeriatan jauzi gabe— «Radio Euskadiren ahotsa» dela, edo «telebistako aurkezlerik maitatuenetakoa». Hori guztia esan daiteke, eta egia da. Izan ere, 26 urte daramatza La noche de aurkezten, ia-ia mirarizkotzat jo daitekeen saioa, ikus-entzule kopuru handia izaten baitute beti bai programak, bai ondoren ematen diren filmek. Irratian ere antzera jarduten da Linares, edo hobeto. 1960ko hamarkadan hasi zen, Herri Irratian; Radio Euskadin, berriz, emanaldi- eta programa- arduraduna izan da, eta 30 urte daramatza Pompas de papel saio ospetsua eta erreferentziazkoa zuzentzen. Denetarik egin du azken sei hamarkada hauetan, eta ez da nekatu. Nola nekatuko da, bada, liburuak, filmak eta musika gustatzen zaizkio eta! Irakurle amorratua da, zinemazale porrokatua eta iruzkingile argia, bete-betean asmatzen duten kritikari bakan horietakoa. Sinesgarritasuna jariatzen du; ospetsua da, ikus-entzuleen gustukoa. Atsegina da, eta estimatzen du jendeak. Esaten duena pentsatu egiten du, pentsatzen duena esaten, eta ez badu pentsatzen, bada…, ez du esaten. Ahotsak jarri zuen Félix Linares arrakastaren bidean.

FÉLIX. Ahotsagatik nago ni nagoen lekuan. «Aurkitu» egin ninduten ni, Claudia Schiffer edo Maribel Verdú aurkitu zituzten bezala.

IRATI (LK). Aurkitu?

FÉLIX. Korridorean aho-soinua jotzen entzun zuen norbait irakasleetako batek, eta, irratizale amorratua zenez, behin magnetofoi bat eraman zuen —pentsa, 60ko hamarkadan, sekulako tramankulutzarra—, eta honela mintzatu zitzaigun: «Irratsaio bat egin behar dugu: zuk, aho-soinua. Zuk ba al dakizu zerbait jotzen?». «Nik? Txistua…». «Ederki. Eta zuk, txisteak kontatu». «Primeran. Aurrera. Bat-batzuk bildu garenez, aurkezle bat behar dugu». Niri ez zitzaidan burutik pasatu ere egin aurkezle izatea, baina ia derrigortuta joan nintzen: nire ikaskide guztiak aurkeztu zirenez, bada, ni ere bai. Poema bat irakurri nuen, eta hauxe esan zidan irakasleak: «Ahots ederra daukak, gazte». Eta nik: «Bueno, bada…, zer ondo».

IRATI (LK). Hori guztia, kazetaritza-fakultatean, ezta?

FÉLIX. Ez, artean ez zen existitzen. 1960ko hamarkadaz ari gara. Orduan ez zen halakorik…

IRATI (LK). Lagun artean ari zineten, beraz.

FÉLIX. Egia esan, Euskalduna ontziolako Ikastunen Eskolan genbiltzan. Garai hartan, nahiko ohikoa zen hori: egunaren zati bat lanean ematen zen, eta beste bat, ikasten. Tarteka, zenbait eskolatako irakasleak etortzen ziren gurera, eta haietako bat izan zen hura. Kontua da Radio Bilbaoko esatari bat —José Manuel Sánchez Tirado— ezagutzen zuela irakasle hark, eta hauxe esan zidan: «Zoaz irratira eta hitz egin harekin». Batere lotsatia ez nintzenez, 17 aldiz joan nintzen. Eta aurkitu nuen, halako batean. «Kaixo. Zuregana etortzeko esan dit Andrések». {0>

IRATI (LK). «Eta, kasualitatez inguruan nenbilenez, hementxe naukazu».

FÉLIX. Kasualitatez diot, zinemara nindoalako. Gogoan dut Errege egunaren bezpera zela eta zinemara nindoala, Consulado aretora. Aspertuta nengoenez irratira behin eta berriro joateaz eta esataria inoiz han ez harrapatzeaz, «gaur zinemara joan aurretik joko dut hara» pentsatu nuen. Joan, eta irratian aurkitu nuen.

IRATI (LK). Zein ongi!

FÉLIX. Urtebete luzez aritu zen esataria niri laguntzen. Nerabe gehienek bezala nik ere zezelka hitz egiten nuenez, ondo ahoskatzen eta idazkuntzaren hastapenak irakatsi zizkidan. Handik puska batera, soldadutzara joan ziren Herri Irratiko langile asko, eta deialdi irekia egin zuten. Bada, aurkeztu egin nintzen, eta…

IRATI (LK). Eta horrela hasi zinen.

FÉLIX. Eta horrela hasi nintzen, bai.

IRATI (LK). Kabinako esatari. «Aurkitu» egin zintuzten, beraz.

FÉLIX. Bai, bai… Kontua da ni ez nindutela diskoteka batean «aurkitu» (Claudia Schiffer bezala), eskolan baizik.

IRATI (LK). Bilbon jaio zen gure gonbidatua, 1947an. Hollywoodeko urrezko urteak amaitzear ziren, zinema-aretoak nonahi zeuden hirietako auzoetan, egunero estreinatzen zen filmen bat… Mirakuluzko sasoi hartan, aste berean ikus zitzakeen Félix Linaresek Extraños en un tren eta Falso culpable, eta, kreditu-tituluak irakurtzera geratuta, kontura zitekeen film biak Alfred Hitchcock zeritzan norbaitek zuzenduak zirela. Film on handi ugari irentsi zituelarik, zinemazale aitortu honek zinema-iruzkingile eta -kritikari izateko metodo biribil bat taxutu zuen, gure ustez. «Félix Linares metodoa» deituko dugu.

Gure aitak, esate baterako, asko estimatzen zuen «filmak aurkezteko Félix Linares metodoa» —ez dut uste zuri kontatzea axolako zaionik—. Haren iritzian, metodo horren sotiltasuna baieztapen honen parekoa zen: «Ostikadak ematen dituzten txinatarren filmak gustuko badituzu, “Ostikadak ematen dituen txinatarra” filma gustatuko zaizu».

FÉLIX. Erabat ados.

IRATI (LK). Kontua da hori entzunda ikusleak badakiela zer topatuko duen zinema-aretoan: «Ostikadak ematen dituen txinatarra». Bistakoa da ez dela hori igande-arratsalde baterako aukeratuko lukeen filma, baina egon badago «Ostikadak ematen dituen txinatarra» gustatzen zaion jendea. Beraz, aurkezleak ez du inolako gezurrik esan, eta kito.

FÉLIX. Nire ustez, ikus-entzule guztien neurrira jarri behar da mezua. «A zer txorakeria!», esango du zenbaitek; Baina, beste batzuek, «niri, jarri ostikadak ematen dituen txinatarrena». Besteren batek, berriz, «Hara! Bruce Lee da eta…!» esango du. Eta gaia batere interesatzen ez zaionak, azkenik, hauxe esango du: «Bueno, seguru aski laster azalduko digu filmaren mamira eramango gaituen zerbait». Hori izan da, betidanik, nire asmoa. «Piramidearen teoria» deitzen diot nik. Neuk asmatua da teoria; beraz, ez da sinetsi behar. Honetan datza teoria: ikusle-piramide bat daukazu, eta denen gustua egin behar duzu, denak erakarri behar dituzu, eskaintzen diezuna ikus dezaten lortu behar duzu, nahiz eta zurekin ados ez egon. Bakarren bat oso espezializatuta egongo da, piramidearen tontorrean, eta horren gustua egin behar duzu, baina piramidearen oinarrian dauden guztiena ere bai. Ez dakit beti lortzen dudan, baina teoria gisa izugarria iruditzen zait. Eta aurrera eramaten saiatzen naiz.

 

IRATI (LK). 1995ean, proposamen bikain bat ekarri zuen ETBra Iñaki Pangua ekoizle eta zuzendariak: filmak eman aurretik, zergatik ez azaldu jendeari haien berri? —handik urte gutxira hil zen Pangua, hegazkin-istripu batean—. Ona ematen zuen ideiak, eta aurkezle ezin aproposagoa etxean bertan zeukan ETBk. Lehendik ere antzeko saioren bat egina zen; asko zekien zinemaz, eta piramidearen teoria guztiz zetorren bat Panguaren formatuarekin. Félix Linares zen aurkezle ideala, eta 26 denboraldi daramatza haren saioak prime time ordutegian.

FÉLIX. Panguak asmatu zuen hau guztia, eta, hura hil zenean, zalantzan zegoen nor arduratuko zen saioaz. Nik ez nuen gogo handirik, egia esan: nahikoa lan neukan irratian, eta ez zitzaidan askorik interesatzen saio berria. Ordura arte gidoilaria izan zen Eduardo Llorente arduratu zen saioaz. Iñaki Panguak baino are argiago zeuzkan Llorentek gauzak, eta ondo asko zekien zer eskaini behar zitzaion ikus-entzuleen gehiengoari. Horregatik jarraitzen du bizirik programak. Pentsa dezagun une batez ni izendatu nindutela saioaren arduradun. Ez diot nik uko egiten zinemazalearen etiketari —behar bezainbat aldiz aitortuko dut, eta dagokidan penitentzia ordainduko dut—. Baina ni zinemazalea naiz, eta ez dut ezkutatzen. Nire esku egon izan balitz, askoz ere elitistagoa izango zatekeen programa, askoz ere «jantziagoa», askoz ere «zinemazaleagoa», eta, honenbestez, gaur egun La noche de ikusten duen jende askok ez zukeen sekula ikusiko. Masa-hedabide bat da telebista, eta halakotzat jorratu behar da. Eta bakarrik maila goreneko filmez jardun nahi baduzu, idatzi Dirigido por aldizkarian. Bitartean, ohartu behar duzu zer hedabidetan ari zaren, eta zer motatako ikus-entzuleentzat.

IRATI (LK). Masa-hedabide horretan, zorroztasuna eta hurbiltasuna uztartzen dituen estilo bat sortu du Félix Linaresek, eta zenbait sari jaso ditu, hala nola Zilarrezko Antena eta Telebista Autonomiko bateko Aurkezlerik Onenaren Iris Saria, eta Donostiako Zinemaldiak omenaldia egin zion ibilbide osoagatik. Radio Euskadira iristean hasi zen Linaresen ETBko ibilbidea, El ladrillo saioarekin. Ondoren, Va de cine eta La noche de egin zituen. Baina dezente urte lehenago ere telebistan jarduna zen; Televisión Españolan, zehazki.

FÉLIX. Deitu egin zidaten…

IRATI (LK). ETBn hasi zinen, baina La noche deren aurretik.

FÉLIX. 1980an, albistegiez gain bestelako saioak ere egiten hasi zen Telenorte, eta astero egiten zuten dokumental-saio baterako deitu zidaten. Sasoi hartan, rock and rollaz jarduten nintzen. Irratian.

IRATI (LK). Musika-saioak egiten zenituen irratian.

FÉLIX. Herri Irratian egiten nuen lan, bai, musika-saioetan. Halako batean, La vida misma saio dokumentaletik deitu zidaten, ez baitzekiten nola atxiki musika programari. Saioa nola egiten zen aztertzeari ekin nion; baina, konpositoreak ikertu ordez, etxera joan, diskoak hartu (egokiak iruditzen zitzaizkidanak), eraman eta han jartzen nituen. Egun batean, han ari nintzen ni, neure eginkizunetan, eta norbaitek hauxe galdetu zuen: «Ba al daki inork zein den John Renbourn?». «Nik», erantzun nuen. «Zuk ba al dakizu nor den John Renbourn?». Nire erantzuna: «Bai, eta gaur Bilbon joko du. Zer, bada?». «Albistegietako buruak, Jesús Hermidak, jakin du John Renbournek Bilbon jo behar duela gaur, eta norbaitek elkarrizketa bat egitea nahi du». «Zeuk egingo al zenuke?» «Bai, bueno…».

IRATI (LK). Jesús Hermidak hala eskatzen badu…

FÉLIX. Eta John Renbourn elkarrizketatzera joan nintzen. Ederki, mutil; antzematen da gaia menderatzen duzula. Axola al dizu Galdakaora joatea? Bada han folka jotzen duen talde bat… Konforme. Bada, Galdakaora jo nuen, ez dakit zer egitera, eta bien bitartean neure zereginetan jarraitzen nuen. Bat-batean, proposamen hau egin zidan kultura-saio bat egiten zuen esatari batek, Cristina izenekoak: «Aizu, jardun nahi al duzu nire saioan?». «Ez daukat inongo eragozpenik» erantzun nion. Han zebilen Carmen Navarro ere. Laguna nuen Carmen, eta nirekin egiten zuen lan Herri Irratian, asteburuetan. Hala, bada, bost saioetatik hirutan ari nintzen lanean.

IRATI (LK). Horretarako jaioa zara, nonbait…

FÉLIX. Lekuak betetzea da nire egitekoa.

IRATI (LK). Lekuak betetzearena ez da hitz egiteko modu bat. Aurreko denboraldian, esate baterako, bost urte egin zituen Iflandian, Radio Euskadin lauretatik bostetara egiten den saioan. Lankide eta adiskide Kike Martín erretiratu zenean utzi zioten saioa egiteari, baina inork ez dezala pentsa Félix Linaresek erritmoa moteldu duenik denboraldi berrian. Egun, La noche de aurkezteaz gain, sei irratsaiotan jarduten da. Aurkezle eta esatari nekaezina da, bistakoa denez. Eta kritikari paregabea.

FÉLIX. Hasieran, beste edonor bezala, kritikak egiten nituen. Aitor dezadan dibertigarriagoa izan ohi dela kritika negatiboak egitea, baita «distiratsuagoa» ere.

IRATI (LK). Distira handia ematen du lumak; idazteak, alegia.

FÉLIX. Ematen du, bai. Labana ondo zorroztu, eta borrokarako prest, beti. Baina, halako batean, liburu baten kritika egin nuen, eta biharamunean idazleak deitu zidan. Ez dut izena gogoratzen, baina bai harritu egin ninduela, ez baitzen hemen bizi, Madrilen baizik…

IRATI (LK). Jasangaitzak dira idazleak, izan ere (barre-hotsa)…

FÉLIX. Bai, etengabekoa bada zenbaiten jarioa… Zera esan zidan idazle hark: «Ez duzu oso ondo hitz egin nire liburuaz». Eta nik: «Ez». Idazleak: «Baina pentsatzen aritu naiz, eta hauxe ondorioztatu dut: arrazoi duzu».

IRATI (LK). Zer polita…!

FÉLIX. Bada, horixe…

IRATI (LK). Agian ez zion inork inoiz esan.

FÉLIX. Agian ez zion inork inoiz esan, eta nik halako zer bat eman nion… «Badago ulertu ez dudan zerbait», esan zidan, eta argitu egin nion (esaera bat zen). Baina ez da ezer gertatzen. Kontua da niri ere gogoeta eginarazi zidala kontu hark. Zer dela eta esan behar dut nik halako eleberria ez dela ona. Ez dio inori ezertarako balio. Inori. Zer esan behar den? «Hau ona da, merezi du, ikusi egin behar da, edo irakurri; interesgarria iruditzen zait…». Edo, bestela, isilik egon. Hala ere, norbait oso harrotuta dagoenean, ohartarazpen bat ere ez da gaizki etortzen.

IRATI (LK). Kritikari txarrek garrantzi handiegia eman ohi diete beren iritziei; onek, berriz, garrantzizkoak balira bezala tratatzen dituzte beren iritziak. Nola? Baliagarriak izaten saiatuz, egia esaten ahaleginduz, eta —oso garrantzitsua—, gustua landuz, asko irakurriz, milaka film ikusiz, ikasiz, gauzei arretaz erreparatuz…

FÉLIX. Hori da bidea. Horretan saiatzen naiz etengabe, eta horretan ematen dut nire denbora librea. Kontua da ez zaizkidala gustatzen beste gauza batzuk (futbola, adibidez), eta telesailik ez dudala ikusten (edo gutxi ikusten dudala), zeren eta bi orduko film batek kontatzen duena kontatzen dute telesailek ere, baina luzeago…, bada, nahikoa denbora izaten dudala irakurtzeko, pelikulak ikusteko eta beste zenbait eginkizunetarako. Funtsezkoa da hori: ez baduzu filmik ikusten, ez baduzu irakurtzen, alferrik ari zara. Baina badago beste kontu oso-oso garrantzitsu bat ere: adi egotea, gauzei erreparatzea. Gogoan dut nola, zinemazale gazte batzuekin nengoela, ez dakit zer film goratzen ari ziren, eta honela mintzatu nintzaien ni: «Ez, honegatik, horregatik eta hargatik». Hona zer erantzun zidaten: «Zu, izan ere, beti adi egoten zara, den-dena behatzen duzu». Eta nik: «Jakina». Zinemazalea naiz, eta kritikaria. Eta den-dena arretaz behatu behar da gure lanbide honetan. Bestela, gerta daiteke norbaitek hau esatea: «Liburu izugarri on bat irakurri dut». Eta nik galdetzea: «Bai? Nork idatzia da?». Eta besteak erantzutea: «Ez dakit». Nire proposamena: liburu bikain bat irakurri baduzu, gogoratu nork idatzi zuen; hartara, egile beraren hurrengoa ere eros dezakezu, eta gustura irakurri. Hala uste dut nik. Bada, arreta-falta hori nabari da. Nik ez dakit nola joan naizen hori guztia ontzen eta…

IRATI (LK). Begiak erne eduki behar direla, alegia.

FÉLIX. Gogoan dut noiz egon nintzen lehenbizikoz adi-adi zinema-areto batean. Oso gaztea nintzen. Rekalde zinema-aretoan izan zen. Errekalde auzoan bizi nintzen orduan, eta han bizi naiz gaur egun ere, baina ez orduko etxe berean. Astean bost film egoten ziren ikusgai, eta hiru zinema-areto zeuden Errekalden. Bi film ikusi nituen, eta zuzendari berak eginak ziren biak: amaierako kredituetan, directed by Alfred Hitchcock jartzen zuen. Hain onak iruditu zitzaizkidan biak… Pentsa, aste berean, auzo bateko zinema-areto batean, elkarrekin zazpi urteko aldea zeukaten bi film ari ziren ematen: Extraños en un tren, 1951koa, eta Falso culpable, 1957koa. Sei urteko aldea. Lehenbizi Falso culpable ikusi nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan istorioa. Gogoan dut Christopher Emmanuel Balestreros zela pertsonaiaren izena. Justizia atzetik zebilkion, eta Henry Fondak interpretatzen zuen. Arnasa ezin harturik geratu nintzen. Handik hiru egunera, berriz, Extraños en un tren ikusi nuen, eta zuzendari berak egina zela ohartu nintzen. Xehetasun horiei erreparatzen nien… Handik aurrera, beti jartzen nintzen adi-adi Alfred Hitchcock izena ikustean.

IRATI (LK). «Urruti iritsiko da gizon hau» pentsatuko zenuen.

FÉLIX. Noski. Argi ikusten zen iritsiko zela. Hurrengoa Psicosis izan zela uste dut. Jakina. Jakiteko gogoa nuen, arretaz ikusten nituen filmak. Merezi du, esate baterako, kredituak amaitu arte geratzea. Oso musika polita izaten dute askok, eta, gainera, Hollywoodeko ekoizpenetan agertzen diren euskal izenak ezagutzeko aukera ematen dute. Eskerrak nori ematen zaizkion ere irakur daiteke kredituetan: agian bizpahiru egilek lagundu diote zuzendariari, eta haien izenak esker-zerrendan azaltzen dira. Agian Quentin Tarantinok txiste bat kontatu zion zuzendariari halako batean, eta zuzendariak filmean txertatu du txistea. Pasadizoak dira, ez dira gertakari erabakigarriak; tiraderan uzten dira. Munduari eta filmari buruz azalpen zehatzagoak emateko balio dute. Eta tiki-taka, tiki-taka, gauzak horrela aztertzen hasi nintzen.

IRATI (LK). Alegia, arreta handiz begiratzen duzula dena, txiste hartako loroak bezala.

FÉLIX. Adi-adi egoten naiz, bai. Izan ere, hontzak bezala ni…

IRATI (LK). Hontzak bezala, bai.

FÉLIX. Asko irakurtzen dut gauez (barre-hotsa).

IRATI (LK). Ez da erraza asmatzea. Zaila da ona izatea. Arrakasta ez da beti iristen, Eta, iristen denean, oso zaila 26 urtez iraunaraztea, La noche de eta Pompas de papel saioek adina, alegia. Arrakastaren formula zein den galdetu diogu Félix Linaresi.

Luze, oso luze iraun dute La noche de eta Pompas saioek, eta irratian zein telebistan egin dituzun beste programa askok. Ikus-entzule asko zureganatu dituzu, eta jendeari gustatu egiten zaizkio zure saioak.

FÉLIX. Bai, luze ari dira irauten saio guztiak…

IRATI (LK). Arrakasta handia izan duzu alor guztietan. Kritikaren aldetik ere txaloak jaso dituzu. Pompas saioak, adibidez..

FÉLIX. Zorte handikoak gara, bai.

IRATI (LK). Ea ongi azaltzen dudan Félix Linaresen «Coca Colaren formula»: eskura dauden baliabideak hartu, eta ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu.

FÉLIX. Jakina. Ahalik eta ikus-entzule gehien erakartzen saiatzen naiz. Baina ez diot uko egiten interesgarrienentzat jarduteari. Eta, aukeratu behar baldin bada, interesgarrienak hautatzen ditut. Are gehiago irratian, hedabide horrek aukera gehiago eskaintzen dituelako horrelako istorioak aurrera eramateko. Pertsonalagoa izateko aukera du esatariak. Beste era batera egin dezake lan, eta hobeto zaindu bere interesak. Izan ere, irratian ez da zappinga telebistan adina praktikatzen. Telebistan…

IRATI (LK). Irratian gehiago irauten dute entzuleek, ezta?

FÉLIX. Hori da. Telebistan, hitz txar batek edo irudi txar batek berehala uxatzen du jendea. Irratian, aldiz, ez. Irratian, entzuleak geratu egiten dira, eta horretaz baliatzen gara gu. Beti esan izan dut Oscar Wilderen antzekoak izan nahi genuela Pompas de papel egiten genuenok: argiak, atseginak eta, aldi berean, gauza interesgarriak kontatzeko behar den sakontasuna dutenak.

IRATI (LK). «Jendeari egia esaten badiozu, barre eginarazi behar diozu —zioen Billy Wilderrek—, bestela, ez dizute sekula barkatuko».

FÉLIX. Hala da, bai. Egia da, eta izugarria, gainera. Zergatik ozpindu bizitza jendeari egia biribilak esanez? Ez da horrelakorik egin behar. Ironiaz esan behar da egia, entzuleak zera pentsa dezan, «bai mutil argia! A zer gauzak azaldu dizkidan!». Eta entzuleari gogoan geratu behar zaio entzun duen hori. Denei ez zaie geratuko, beharbada, baina bai batzuei, eta gogoeta egingo dute entzun dutenaz.

IRATI (LK). Denok entzun dugu inoiz esaldi hau: «Gustuko lanean jarduten bazara, ez duzu egun bakar batez ere lan egingo bizitza osoan». Ez dakigu nortaz ari zen pentsatzen hori esan zuena, baina agian Félix Linares izango zuen gogoan.

FÉLIX. Begien bistako kontua da hori, begien bistakoa. Izugarrizko zortea izan dut nik. Gustatzen zaidan horretan jardun naiz beti. Eta ez dut inoiz lanik egin. Bestela, inolaz ere ez nintzateke hemen egongo! Aspalditxo erretiratuta egoteko adina urte baditut. Baina hemen jarraitzen dut. Baina, erretiratzen naizenean, zer egingo dut: zinemara joan, liburuak irakurri, musika entzun…? Hau da, lanean ari naizenean egiten ditudan gauza berak egingo ditut? Tontotu egin gara, ala?

IRATI (LK). Begira zer esan didan gaur kazetari batek, zurekin hitz egitera nentorrela jakin duenean: EiTBren eraikinari Félix Linares harria kentzen badiozu, behera etorriko da.

FÉLIX. Hori itxura besterik ez da. Itxura diot, ni asko azaltzen naizelako jendaurrera. Irratian, adibidez, sei saiotarako egiten dut lan.

IRATI (LK). Sei saiotarako bakarrik. Dozena-erdi bat ez da ezer.

FÉLIX. Kontua da hemen zertxo bat egiten dudala, han beste bat… Horregatik, oso ezaguna naiz. Eta, gainera, telebistan ateratzen naiz. Beraz…

IRATI (LK). Baina inork ez dit sekula esan «kokoteraino nago Félix Linares ikusteaz!». Hori ez dit inork esan, inoiz.

FÉLIX. Pozten naiz.

IRATI (LK). Bestalde, inork ez dit inoiz gaizki hitz egin Félix Linaresi buruz, gaizki esaka aritzea asko gustatzen zaigun arren.

FÉLIX. Egia da, bai.

IRATI (LK). Inortxok ere ez.

FÉLIX. Pozten nau hori entzuteak.

IRATI (LK). Eta nagusia ere izana zara: albistegietako burua, adibidez.

FÉLIX. Ez.

IRATI (LK). Programazio-burua…

FÉLIX. Programazioaren eta emanaldien arduraduna. Emanaldien buru izateari utzi nionean, afari bat prestatu zidaten teknikariek. Beste inongo arduraduni ez diote horrelakorik egin.

IRATI (LK). Hori baino froga hoberik…

FÉLIX. Zuzena izaten saiatzen naiz, ahal dudan neurrian behintzat. Ez da erraza izaten gauza horiek zuzentzea.

IRATI (LK). Ez horixe.

FÉLIX. Adibide bat jartzearren, hona zer esan nion teknikari bati halako batean: badakit urlia bezalakoa izan nahi duzula, baina irrati honek urlia bakarra jasango du, ez bi. Eta ez zara zu bakar hori. Beste bati, berriz, hauxe esan nion: «Aizu, arazo bat daukat. Eta nik arazo bat baldin badaukat, zuk ere bai». Baina banekien norekin ari nintzen, eta leial jokatuko zuela nirekiko. Baina badakit zenbait jende ez dela hain leiala izango. Baina berdin tratatzen ditut denak. Hona zer zioen Paul Andersonek bere eleberri baten hasieran: «Izugarri gogorra da guztiz zuzena den norbaiten mende egotea». Ados nago Andersonekin. Baina beti saiatu naiz zuzena izaten. Hobeto funtzionatzen dute gauzek zuzen jardunez gero. Etsaiak, berriz, beti daude hor. Ezin da saihestu. Etsairik ez badaukazu, mundu honetakoa ez zaren seinale.

IRATI (LK). Zenbaiten iritziz, aski da zerbaitetan buru jardutea etsaiak izateko; baina, LABORAL Kutxakook ondo dakigunez, badaude lan egiteko eta lankidetzan jardunez buru izateko beste modu batzuk; badakigu, halaber, zein diren nagusi onak: euren lankideengandik onena ateratzeko gai direnak. Eta uste dugu gure gonbidatua bezala denok garela onak zerbaitetan.

FÉLIX. Kontua da zehazki jakitea zertan garen onak. Nik gorroto diet lan honen alderdi batzuei; ekoizpen-lanei, esate baterako, ez baitzait berehala konponbiderik bururatzen. Bakarren bati deitu eta esaten badiot «aizu, elkarrizketa bat egin nahi dizugu», eta berak «ez» erantzuten badit, nik, «bale».

IRATI (LK). Horrelakoa naiz ni ere.

FÉLIX. Hala da, bai. Beste batzuek, berriz, ez dute amore ematen: «Ez zarela etorriko? Nolatan, baina? Jakin ezazu…».

IRATI (LK). Ni urduri jartzen nau zuri tematzeaz aditze hutsak…

FÉLIX. Baita ni ere. Horrelakoetan, hau izaten da nire erantzuna: «Bale, ez dugu lortu».

IRATI (LK). Baina, tematzen zara, ala ez?

FÉLIX. Bai, bai. Baina utz dezagun kontu hori alde batera. Norberak jakin behar du zertarako balio duen. Nagusi ona, berriz, hau da: langileak ondo ezagutzen dituena, haietako bakoitzaren ezaugarriak dakizkiena. Gauza batzuk begien bistakoak dira; adibidez, batzuk ongi moldatzen dira mikrofonoaren aurrean. Nabarmena izaten da hori. Esatariei entzun, eta berehala pentsatzen duzu: «Hau, ongi; hura, pattal». Bestelako ñabardura batzuk ere badaude. Izan ere, esatari-erredaktore gisa hasi ginen gu hemen lanean.

IRATI (LK). Zu esatari aritzen zinen, ezta?

FÉLIX. Esatari eta erredaktore. Bueno, egia esan, kabinako erredaktore hasi nintzen Herri Irratian, aspaldi batean.

IRATI (LK). Orduak eta orduak besteek idatzitakoa irakurtzen…

FÉLIX. Hori da. Kirolak. Gida komertzialak. Etengabe… Hona etorri ginenean, esatari-erredaktoreak ginen; orain, berriz, esatariak, erredaktoreak, ekoizleak, administrariak, informatikariak… Denetarik egiten dugu!

IRATI (LK). Community managerra

FÉLIX.

Eta ez dugu denerako balio. Horretaz zalantzarik ez dago. Hautatzen jakitea da kontua. Arazo txiki bat ere bada hor: mikrofonoa. Denek nahi izaten dute mikrofonoaren aurrean jardun; hori da jendeari gehien gustatzen zaion lana: ospea ematen du, txaloak jasotzen dira… Eta hortxe dago koska. Aukera eman behar zaio jendeari, eta mikrofonoaren aurrean jartzen utzi. Aukera eman behar zaio jendeari izeba zaharrari zera esan diezaion: «Irratian hitz egingo dut gaur gauean. Ea entzuten nauzun». Gerta daiteke, baina, biharamunean izeba zaharrak deitzea eta «ez zintzaizkidan asko gustatu» esatea. Baina, horrezaz aparte, egoak eta gaitasunak ere kudeatu behar dira; eremu konplexua da. Ni teknikarien burua nintzen. Teknikariekin ez da horrelako arazorik sortzen, alderdi teknikoaz arduratzen baitira: batzuek kalean egiten dute lan, eta, beste batzuek, estudioan. Eta kito. Orain askoz errazagoa da; baina, duela 40 urte, zutoin batera igo behar izaten zuen konexio bat egin behar zizunak, eta ezinbestekoa zen haren lana. Baina gerta zitekeen estudio barruan hain ongi ez moldatzea teknikari hura. Beraz, ez dezagun hanka sartu. Ez dezagun kanpoan lanean jarri estudio barruko teknikari bat…

IRATI (LK). Bakoitzak ondoen dakiena egiten saiatzea. Horra nagusi batentzako helburu bikaina, eta lanerako zein bizitzarako filosofia egokia. Horren adibiderik egokiena, gure gonbidatua. Zazpi hamarkada daramatza gehien gustatzen zaiona eta ondoen dakiena egiten. Ez da nekatu, eta, bistakoa denez, haren ikus-entzuleak ere ez.

«Félix Linares eta, ondoren, film bat» sistemak ongi funtzionatzen du oraindik ere.

FÉLIX. Funtzionatzen du, bai.

IRATI (LK). Hori, eta sei irratsaio.

FÉLIX. Eta Gabonetako saio bereziak. Izan ere, Gabonetan saio bereziak egin behar izaten ditugu orain.

IRATI (LK). Gustatzen zaizun saltsan, alegia.

FÉLIX. Honela zioen Rubén Bladesek: «Mailutarako jaio bazinen, zerutik eroriko zaizkizu iltzeak». Ez dago beste erremediorik. Bizkarrean eraman behar ditugu geure historia eta geure patua. Horretarako jaioak gara, nonbait… Eta, azkenean, sinetsi egiten duzu —agian— egiazki horretarako jaioa zarela.

IRATI (LK). Beharbada, bai. Beharbada zerbaitetarako jaioak gara, eta, hori egitean, jaio egiten gara, nolabait: geure buruaz erditzen gara, egiazki gu geu izateko. Ez dakigu zer dioen Félix Linaresek horri buruz. Eta gure podcastaren kapitulu honetaz? Iruzkinen bat egin behar balu, zer esango ote luke? Zer alde dagoen ikasi dugunez, badakigu ez direla gauza bera «elkarrizketa bikain bat» eta «Félix Linaresi elkarrizketa bat egitea». Nolanahi dela ere, guretzat «Félix Linares handiarekiko elkarrizketa bat» izan da, oso laburra egin zaigun ordubeteko elkarrizketa. Hura amaitzean, iruditu zaigu arrazoi zuela Emerson poeta amerikar bikainak, zeinak esan baitzuen «Hona zein den gizon handia: jendetzaren erdian bakardadearen independentziari eusten diona, gozotasunez eutsi ere».

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean