Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

Artea, musika, antzerkia, dantza edo literatura: honela babesten dugu kultura LABORAL Kutxan

Artea, musika, antzerkia, dantza edo literatura: honela babesten dugu kultura LABORAL Kutxan

Gauzak beste modu batera egin nahi dituen eta, gainera, gure inguruneko kultura-garapena babesten duen bestelako banku-erakunde bat bilatzen ari al zara? LABORAL Kutxan, hamarkadak daramatzagu gure inguruneko kultura-industriak sendotzen, sortzaileak babesten, haien produkzioa zabaltzen eta ezagutzera ematen eta gizarte kulturadun eta baliodun bat bultzatzen.

Musikaren, arte plastikoen edo literaturaren eremuetan zer egiten dugun kontatu nahi dizugu oraingoan.

Musika-arloko mezenasak hasiera-hasieratik, eta nazioarteko artista handien babesleak

1959. urtean sortu ginen, baina 70eko hamarkadan eman genion hasiera gure musika-mezenasgoaren historiari. Garai hartan, Aste Santuko erlijio-musikako kontzertuak babestu genituen, eta nazioartean ospe handia zuten abesbatzak ekarri genituen, hala nola Parisko Chapelle Royale, Alemaniako Münchner Camerata, Libiako eta Siriako Fraide Maronitak eta Vienako Haur Kantariak.

Musika gure DNAren parte izan da beti: 1976tik 2000ra bitarte –gutxi gorabehera–, LABORAL Kutxako aurreztaileek urtean hainbat alditan lurraldeko historiko guztietan egiten zituzten batzarrak kultura-ekitaldi batekin amaitzen ziren, eta musika-talde garrantzitsuen emanaldiak antolatzen ziren. Haien artean, Iruñeko Ganbara Abesbatza eta Gasteizko Manuel Iradier Abesbatza azpimarra daitezke. Gaur egun, bizi-bizirik dugu musikarekiko grina hori, eta hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, hala nola Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren urteko kontzertuak Bilbon eta Iruñean, eta duela sei urtez geroztik Iruñeko Baluarte Jauregian 1.600 lagun ingururentzat antolatzen dugun Gabonerako Kontzertu ikusgarria.

Hala ere, noizbait kontatu izan dizugunez, gure kultura-mezenasgoen historiako mugarri bat aukeratu behar izango bagenu, 1994. urtean Pink Floyd taldeak Donostian 30.000 lagunen aurrean eman zuen eta gure Gazte Kontua atera genuenean babestu genuen kontzertua aipatu beharko genuke. Era berean, 1998an, Oscar saria lortu zuen Lalo Schifrin argentinarrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Belodromoan eskaini zuen kontzertua babestu genuen.

Herrialdeko musika-erakunde handiei eta artistei laguntzen diegu

Gaur egun, gure babesaren zatirik handiena herrialdeko kultura-erakundeek kudeatutako eta antolatutako proiektuetara bideratuta dago Erakunde handiekin eta txikiekin lan egiten dugu. Haien artean, honako hauek azpimarra daitezke: Astigarragako eta Bergarako Musika Eskolak, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, La Pamplonesa orkestra eta Operaren Lagunen Bilboko Elkartea (urtero LABORAL Kutxaren laguntzarekin OLBE Txiki ekimena antolatzen duena).

Halaber, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin (Musikene) eta Zientzia, Arte eta Letren Akademiarekin (Jakiunde) lankidetzan jardun dugu oso ziklo interesgarrietan, hala nola Arteen Hotsak izenekoan. Ziklo horrek musikaren eta beste zientzia- eta arte-diziplina batzuen (hala nola matematika, arkitektura edo zinemaren) artean dauden loturak aztertzea du helburu, eta lehen mailako adituek eta espezialistek parte hartu ohi dute, duela hamarkada batez geroztik antolatzen diren Etika, Humanismo eta Zientzia Elkarrizketetan bezalaxe. Elkarrizketa horien bidez, eguneroko bizitzan kezka eragiten duten gaiei buruzko pentsamendu- eta eztabaida-plataforma bat sortu nahi da, eta urtez urte jaso dute gure babesa, baita Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Donostia Unibertsitate Ospitalearena eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarena ere.

Gainera, jakina, herrialdeko artista handietako batzuekin jardun dugu lankidetzan. Adibidez, Benito Lertxundiren kontzertuak babestu genituen. Lertxundi herrialdeko musikari handietako bat da, eta haren zenbait disko babestu ditugu, baita haren biografiarik osatuena ere: Orioko Bardoa. Eta gauza bera egin genuen Kepa Junkeraren zenbait diskorekin (Etxea, Kalea, Herria trilogia) eta akordeoilariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egin zuen bira ahaztezinarekin. Duela gutxi, Ken Zazpi eta Kukai Dantza taldeen biretan parte hartzeko aukera izan dugu. Azken talde horrek 3 MAX sari lortu zituen LABORAL Kutxak babestutako Oskara ikuskizunarekin.

Musika-jaialdiak herrialde osoan, eta musika, musika barra-barra Arabako lurraldean

Erakunde eta artista handiek ez ezik, herrialdeko musika-ekitaldi handiek ere ondoan gaituzte. Bizkaiko abesbatzarik onenak entzuteko aukera ematen digun Aste Musikalaren babesleak gara. Era berean, hiru hamarkada daramatzagu Donostiako Musika Hamabostaldia babesten. Europako musika klasikoko jaialdirik onenetako bat da, eta ezinbesteko hitzordua urteko egutegian.

Donostiatik oso urrutira joan gabe, Gasteizen, oso musika-ekimen interesgarriak babesten ditugu, hala nola Kontzertuan eta irekita jaialdia (Santa Maria katedralaren elizpean egiten dena), hiriko Arte Garaikidearen Museoan kontzertu bikainak eskaintzen dituzten Artiumeko igande musikalak, Jazzargia elkarteak jazza zabaltzeko eta ezagutzera emateko antolatzen duen Jazz Uhinak jaialdia eta 2012. urteaz geroztik Kontserbatorioko Areto Nagusian tokiko interpretatzaileen kontzertuak programatzen dituen Principaleko Ganbera Zikloa.

Gasteizen, halaber, Jimmy Jazz areto mitikoarekin lankidetzan dihardugu Gazte Talent saria eta LABORAL Kutxa saria ematen dituen Talde eta Bakarlari Gazteen Lehiaketa antolatzeko. Lehiaketa horren bidez, musikaren munduan hasten direnen karrera bultzatu nahi da, eta, horretarako, lehen kontzertuak eta grabazioak egiteko aukera ematen zaie.

Araban, musikaz gain, zinema babesten dugu, zinema ugari. Adibidez, honako hauek: ZineArabak urtero lurralde osoan zehar programatzen dituen euskarazko filmen estreinaldiak, udan terrazetan film laburren sorta bikaina eskaintzen duen Korterraza Film Laburren Jaialdia, eta ostiral eta larunbat gauetan zinema-proposamen interesgarriez gozatzeko aukera ematen digun Zinema elizpean zikloa, Santa Maria Katedrala Fundazioarekin batera eta Kultura Kalean elkartearen laguntzarekin antolatzen duguna.

Estreinaldiak, aurrestreinaldiak eta jaialdi berriak: herrialdeko ikus-entzunezkoen produkzioari egiten diogun ekarpena

Beti egin diogu gure ekarpentxoa zinema-produkzioari, eta modu askotan gainera. Adibidez, euskaraz egindako filmak merkataritza-aretoetan estreinatzeko aukera bultzatu dugu. Ildo horretan, hainbat urte daramatzagu hori egiten abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunean. Horri esker, oso film garrantzitsuak estreinatu ahal izan dira, hala nola Loreak bikaina edo Soinujolearen semea (Bernardo Atxagaren izenburu bereko eleberriaren bertsio zinematografikoa).

Horrez gain, grina handiz espero genituen filmen (hala nola Agur, Etxebeste filmaren) edota gure erakundeari hain lotuta dauden filmen (hala nola Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo dokumentalaren) estreinaldiak eta aurrestreinaldiak babestu ditugu. Aipatu dugun dokumental hori MONDRAGONEN esperientzia kooperatiboa sortu zuen eta 1956an «banku bat egin behar dugu» esaldi sinplearekin gure ibilbideari hasiera eman zion gizonari buruzkoa da.

Gure ikus-entzunezkoen industria bere osotasunean (filmen produkzioaz haratago) babesteko beste modu bat gure inguruneko jaialdietan laguntzea izan da, eta jaialdirik beteranoenak (hala nola Donostia Saria babesteko ondoan izan gaituen Zinemaldia) zein duela urte gutxi batzuez geroztik antolatzen direnak hartu ditugu kontuan. Azken horien artean, honako hauek azpimarra ditzakegu: Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Zinemaldia (AnimaKom); telebista-serieen bolada ona baliatzen ari den Bilboko Nazioarteko Jaialdi Digitala (Seriesland); produkzio profesionalaz haratago talentua bere osotasunean bultzatzen duen Begiradak Nazioarteko Zinemaldi Amateurra; eta surfari buruzko munduko zinemarik onena bildu nahi duen LABORAL Kutxa Bilbao Surf Festival izenekoa.

Bi mugarri historiko (Euskal Kultura Gaur eta Kultur Bideetan) eta ezinbesteko hitzordua (Loraldia Jaialdia)

Luzeegia izango litzateke gure kultura-babesen historia osoa berrikustea, baina funtsezkoak izan diren bi mugarri aipatu behar ditugu ezinbestez. Lehena Euskal Kultura Gaur azterlanaren argitalpena da (1997an). Euskarazko kulturaren egoerari buruz egin den asmorik handieneko azterlan soziologikoetako bat da. LABORAL Kutxari, Jakin aldizkariari eta, batez ere, Joan Mari Torrealdai soziologo, kazetari eta idazlearen ahaleginari eta talentuari esker argitaratu zen.

Aipatu nahi dugun bigarren mugarria 1987tik 1991ra bitarte egin zen, Eusko Jaurlaritzaren eta LABORAL Kutxaren laguntzari esker. Zehazki, Kultur Bideetan programaz ari gara. Programa horren barruan, aurrekontu-baliabide eta giza baliabide handiak bideratu ziren euskal kultura bultzatzera, eta 2.500 kultura-ekitaldi baino gehiago antolatu ziren. Haietako asko Euskadiko Kutxak zituen areto propioen sarean egin ziren. 500 kultura-ekitaldi inguru antolatu ziren urtean, eta 2.500 baino gehiago guztira, musika, antzerkia, dantza, artea eta literatura sustatzeko. Inoiz ez dugu esparru horretatik urrundu nahi izan, eta Eusko Jaurlaritzarekin jardun dugu lankidetzan eskuz esku. Adibidez, 2007. urtean Euskal Herritar Unibertsala Saria eman genion Guggenheim Bilbao Museoari lehen 10 urteengatik, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren babesarekin.

Gaur egun, eta bere garaian Kultur Bideetan programa babestu genuen espiritu berarekin, beste kultura-ekitaldi asko babesten ditugu. Garrantzitsuenetako bat Loraldia jaialdia da. Jaialdi horrek euskarazko antzezlanez, filmez, solasaldiez eta kultura-ekitaldiez betetzen du Bilboko kultura-ikuskizunen saila udaberrian. Izan ere, hizkuntza-normaltasuna gure gizarte-erantzukizun korporatiboaren zutabe nagusietako bat izan da beti.

Helburuak: euskara normalizatzea eta gure inguruneko literaturari babesa ematea

Euskararen babesa sakonki lotuta dago LABORAL Kutxaren historiarekin. Beti nahi izan dugu hizkuntza-normalizaziorako tresna izan. Bokazio horrekin, behar-beharrezkoak ziren proiektuak (hala nola Zehazki izeneko gaztelania-euskara hiztegia) gauzatzen lagundu dugu, baita oso balio handikoak ere, hala nola Euskararen Herri Hizkeren Atlasa. Argitalpen-lan horri lotuta, liburuki berri bat argitaratzen da urtero, eta Euskara Ibiltaria erakusketa antolatzen da. Nolanahi ere, euskararen barietate semantikoa bildu nahi da atlas horren bidez. Lan hori LABORAL Kutxaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker egiten da. Euskaltzaindia, nolanahi ere, euskararen eremuan gurekin hainbat urtez geroztik lan egiten duen erakundeetako bat da. Adibidez, 2011. urtean euskararen eremuan balio historikorik handieneko argitalpenetako bat den Manuel Larramendiren «Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín» hiztegi hirukoitzaren alea laga genion.

Edonola ere, Euskaltzaindia ez da euskararen eremuan gurekin lan egiten duen erakunde bakarra. Adibidez, lau urte baino gehiago dira Bertsozale Elkartearekin baterako laneko lehen akordioa sinatu genuenetik. Izan ere, herrialdean sakonki errotuta dagoen eta azken hamarkadetan herritarrak erakartzeko ahalmen handia erakutsi duen kultura-adierazpena da bertsolaritza, eta horretan prestatzeko eta bertsolaritza bera bultzatzeko eta zabaltzeko egiten duen lanean lagundu nahi diogu elkarteari.

Literatura-produkzioa babesteko sariak, lehiaketak, azokak eta ekitaldi publikoak

Literaturaren historian, garbi geratu da sariak eta lehiaketak erabakigarriak izan daitezkeela literatura-karrera batean, eta gure inguruan egiten direnak babesten saiatu gara LABORAL Kutxan.

Iruñean, San Ferminen kontakizun laburren sariketa babesten dugu urtero (sariketa horretan, San Ferminetako jai-espiritua adierazi behar da 204 hitzetan, hau da, jaiak dituen orduak adina hitzetan). Gure sorleku den Arrasaten, berriz, Jokin Zaitegi beka ematen dugu urtero, Arrasate Euskaldun Dezagun (ADE) elkartearen ekimenez (Suediako Akademiak urtero ematen dituen literaturako Nobel sariak euskaratzea du helburu elkarteak). Gainera, Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria sortzen lagundu dugu. Sari horren bidez, euskaraz egindako obrak nazioartean zabaltzeko aukera bultzatu nahi da, eta, sariari esker, Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia eta Kirmen Uriberen obrak itzuli dira (ingelesera, katalanera eta japonierara, hurrenez hurren).

Halaber, Alea, Bizkaiko Liburu-saltzaileen Elkarteak antolatutako Farolillos de Papel sariak babesten ditugu. Sari horiek urte horretan argitaratutako euskal egileen obrei eta ospe handiko idazle baten ibilbideari ematen zaizkie, eta Bilboko Liburu Azokaren (BLA) garaian ematen dira. Azoka horretan, LABORAL Kutxak espazio propioa du Areatzako parkean, eta aurkezpenak eta kultura-ekitaldiak egiten dira bertan.

Eta Areatzatik hurbil, Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra Euskaltegiak euskarazko literatura-produkzioaren obrarik onenak ezagutzera emateko duela hamarkada bat baino gehiagoz geroztik antolatzen duen euskarazko klasikoen irakurketa jarraitua babesten dugu urtero.

90eko hamarkadaren erdialdean, herrialdeko saririk ospetsuenetako bat sortzen lagundu genuen

Liburuen produkzioa eta egileen karrerak babesteaz gain, uste osoa dugu bikaintasuna saritzeak eta beren kultura-lanari beren onena eskaintzen dioten pertsonak behar bezala aitortzeak gizarte gisa ditugun nahiak hobetzen dituela eta gure bertsiorik onena lortzera bultzatzen gaituela.

Harrotasunez betetzen gaitu urtero Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien Saria emateak. Sari hori kulturaren munduko pertsona ospetsuei eman zaie 1995. urteaz geroztik, hala nola María Bayo sopranoari, Bernardo Atxaga idazleari, Joxe Azurmendi filosofoari, Montxo Armendáriz zinemagileari, Nestor Basterretxea pintoreari, Eduardo Chillida eskultoreari eta Luis Villasante idazleari.

Bat egin dugu Fair Saturday mugimenduarekin, eta zuk ere bat egitea espero dugu

Sare sozialetan (Twitter, Facebook, Instagram, Linkedin) edo blog honen bitartez jarraitzen badiguzu, jakingo duzu lankidetza-akordio bat dugula Fair Saturday mugimenduarekin. Inpaktu soziala duen kultura-mugimendu global horrek kontzertuak, zinema-proiekzioak, antzezlanak, solasaldiak, erakusketak eta tailerrak programatzen ditu mundu osoan azaroko azken larunbatean, eta jendea kulturara erakartzeko pizgarri gisa prezioak jaitsi ordez, gizarte-kausetan laguntzea planteatzen du.

2019. urtean, diziplina askotako 750 ekitaldi antolatu ziren mundu osoko 130 hiritan baino gehiagotan, eta 200.000 pertsona inguruk parte hartu zuten. Bizkaian bertan, 50.000 pertsona izan ziren 150 kultura-ekitalditan. Haietako bat tokiko taldeentzat sortutako eta gazteei zuzendutako Gazte Rock Fair Saturday jaialdia izan zen. Bilboko Pio Baroja plazan antolatu zen lehen aldiz, LABORAL Kutxaren espazio propioan.

Ikus dezakezunez, kulturari ematen diogun babesa ez da gure gizarte-erantzukizuneko lanaren osagarri soila, gure erakundeari eta gure identitateari hertsiki lotuta dagoen funtsezko apustua baizik. Beste urte askotan berdin jarraitzeko lan egingo dugu, eta gauzak egiteko beste modu bat badela erakusten jarraituko dugu.

 

 

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Cookie propioak eta hirugrarrenenak erabiltzen ditugu zure irisgarritasuna hobetzeko. Zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko eta iragarkiak erakusteko.
Webgunean nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula joko dugu.
Informazio gehiago Cookien gaineko politikan.