logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

«Beti bihotza irekita agertu naiz plazara eta oso gardena izan naiz»

«Beti bihotza irekita agertu naiz plazara eta oso gardena izan naiz»

 

Jon Maia, bertsolaria.

 

Zuzendari, gidoilari, idazle, kantari izan da. Telebistan, teatroan eta zinean aritu da, literaturan, musikan eta sailkaezinak diren beste mila abenturetan. Aipazac obeto espedizioarekin Kanadara joan zen, itsasoa goldatu zuten iraganeko kantabresen memoria berregitera, eta euskaldunon itsas memoria berreskuratzera; Ele antzeslana egin zuen, Lauaxetaren eta Lorcaren, euskal eta erdal poeta fusilatuen bizitzak oinarri zituen ikuskizuna; nobela eder bat idatzi zuen, bere familiaren istorioa kontatuz, Riomundo; eta eszenatokietan dabil orain Kantu bat gara ikuskizunarekin. Baina bere izen-abizenaren atzean zer jarri pentsatzen dugunean, nerabezarotik egin duena da denoi burura datorkigun ofizioa. Izan ere, bertsotan hasi zen, bertsotan jarraitu du eta bere izenaren ondoan jartzeko ofizio bat hautatu behar duenean hori da aukeratzen duena. Geuk ere horrela aurkeztuko dugu: Jon Maia, bertsolaria.

 

Urretxun jaio zen, 1972an, duela mendi erdi, baina 6 urte zituenean, familiarekin joan zen gaur bizitoki duen herrira. Zumaian bildu gara, Jon Maiarekin, maiatzeko egun batez, hitz joku zentzugabeak alde batera utzi, eta mila aurpegitako ibilbide profesional apasionantea hobeto ezagutzeko. Euskal filologian lizentziatua, euskara irakaslea, bertsolaria, dokumentalgilea, idazlea, musikaria, kantaria… egin duen bidea intuizioz, senak gidatuta egin duela aitortu digu hitz egiten hasi garenean. Bere-berea duen naturaltasunez.

 

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

JON MAIA. Bat aukeratu behar badut, ‘bertsolari’ aukeratu behar dut, ze hori da, hortik nator, hori da beti egin dudana eta egiten dudana. Hamabi urterekin hasi nintzenetik gaur arte. Eta orduan hori da niretzat errezena esatea. Besteak abentura bezalakoa dira. Nik esaten dut bertsolaritza dela nire etxea eta gero etxetik ateratzen naiz eta abenturak izaten ditut.

 

Ez naiz batere estrategikoa, taktikoa, logikoa ere ez naiz. Horiek nire punto debilak bezala dira. Egiten ditut gauzak neure intuizioaz, eta neure gogoaren arabera. Eta gero baita ere konpromiso sozialaren arabera, esango nuke. Gauza asko egiten ditut pentsatzen dudalako egin behar direla. Horrek motibatzen nau gauzak egitera eta gero bai nire aldetik jartzen dudana, konponente personaletik ba igual da ausardia edo jakinmina, ikasi nahia, eta ezer ere jakin gabe ausartu gauzak egiten eta horrela egin ditut dokumentalak, egin ditut liburuak, horrelako gauzak, kantatu, baina ez daukat nire burua ez idazletzat ez kantaritzat baina egiten ditut.

 

Lehen aldiz egiten dituzun gauzetan ez daukazu seguridaderik inoiz. Eta orduan ba ez dituzu egiten. Ni ez naiz sartuko horretan, ezta? Eta batzuetan ausardia eduki behar duzu. Tira, ez zaude obligatua, ezta? Baina ausardia baldin badaukazu, segurtasun falta horrekin ere, beharbada bizitzak eramaten zaitu beste pantaila batzutara, ezta?

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Riomundo nobelan Extremadura eta Zamoratik etorritako etorkinen istorioa jaso zuen, tartean, bere familiarena; Berriak jaio ginen autobiografikoan, bertsolari-belaunaldi apurtzaile batena. Bidaia intimoak dokumentalean Korrika zen ardatza, Gazta zati baten, erabakitze eskubidea. Gutik zuran egurraren historia kontatu zuen, Apaizac obeton Ameriketara baleak ehizatzera joan zirenen euskaldunena. Proiektu asko eta askotarikoak egin ditu Jon Maiak baina LABORAL Kutxan ezagun egiten zaigun bereizgarri batek lotzen ditu: geuk ere nahi diogu berak bezala gizarteari ekarpen bat egin.

 

JON. Nik uste dut nik artearen funtzioa ezin dut ulertu hori gabe. Nik ezin dut ulertu artearen funtzioa gizartearekiko loturarik gabe eta gizartearen transformazioaren zentzurik gabe. Nik ez dut egiten literatura, literatura egiteagatik. Dibertitzeagatik edo. Ez naiz asko dibertitu idatzi izan dudanean. Kriston lanak izan dira niretzat. Ehun foliotik gora iruditzen zait… askoz gehiago errespetatzen dut idazlearen ofizioa idatzi nuenetik lehen baino. Konturatu naiz ze lan dagoen hor. Koherentziak mantentzea, tonuak, pertsonaien perfilak… nik behar dut motibazio handi bat horrelako lan batean hasteko. Liburu hori idatzi behar zela edo utzi beharra dudala nire aldetik. Bai Riomundo, bai Berriak jaio ginen, edo Apaizac obeto egin nuenean, Kanadako espedizioari buruz. Inork apenas ez zekielako ezer gure historiaren pasarte erraldoi hortaz, ezta?

 

IRATI (LK). Lau aldiz iritsi da Maia Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusiaren finalera. Bere markarik onena, 2009an lortu zuen: hirugarren geratu zen. Baina urte batzuk lehenago, 1997an, artean berde eta gazte zela, entzun genion bere bertsorik ezagunena. Etxekoei kantatu zien Maiak, bere familia erdaldunari, eta bereziki, bere abuela eta abuelori.

 

 

IRATI (LK): Egun hartan, Jon Maiak ez zuen txapela jantzi baina hainbat lotsa erantzi zituen.

 

JON. “Denek kantatu dute nire ahotik esan nuen arte” lotsatu egiten nintzen nire abizenaz, lotsatu egiten nintzen nire amarekin gazteleraz egiteagatik bertsolarien aurrean. Hori dena disimulatu egiten nuen, estali. Ez nuen ezagutzen inor ni bezalakorik mundu horretan. Bertsolari bat gazteleraz ez nuen inoiz entzun. Giroa ere halakoa zen. Egun hartan atera nintzenean armariotik oso bertso intimoa zen. Baina berehala kasik egun hartatik konturatu nintzen jende askoren istorioa zela. Hurrengo asteetan izan zen itzela erreakzioa. Gaur arte irauten duena.

 

IRATI (LK): Plazan egoteko bere moduak ere gaur arte iraun du. Maila handi batean horrek eman dio izena. Bere izanaz hitz egiteak, bere izenean, ez beste inorenean.

 

JON. Nik uste dut beti bihotza irekita agertu naizela plazara eta oso gardena izan naizela. Orain ere ematen ditudan hitzaldietan eta dexente ematen ditut eta nire esperientziak kontatzen ditut, hizkuntzarekin, identitatearekin, elkarbizitzarekin. Erabat irekitzen naiz eta psikologoaren aurrean banengo bezala hitz egiten dut hitzaldietan eta elkarrizketetan ere bai. Ni ez naiz inoren ordezkari sentitzen. Ni konturatzen naiz badagoela jende bat jarraitzen nauena. Baina ez naiz inoren ordezkari sentitzen, ez naiz egitura baten parte. Ni niretzat naiz egun batean bertsotan hasi zen ume hura. Ni naizena neuk eraiki dut. Jende askoren laguntzarekin. Lagundu didatenarekin eta irakatsi didatenarekin eta bizi izan dudanarekin. Baina niretzat bereiztezinak dira izan nintzen ume hori eta orain naizena. Orain ematen du igual, “Jon Maia”, “Jon Maia” zer da? Hor dabil… kantua bat gara… itsasoa gara… ez dakit zer. Gauzak esaten jendeari eta… baina nik nire bizitzatik esaten ditut eta nire ahotik, ez diot inori ezer inposatzen. Ni saiatzen naiz ni naizenetik eta nire esperientziatik eta nire bizipenetatik mezuak helarazten nire ustez mundu hobe bat izan dezagun. Ez dut pentsatzen nire karreran ere. Bai pentsatzen dut hilero pisua pagatu behar dudala. Nola ez. Egiten ditut lanak horretarako, nola ez? Baina nik beti pentsatzen dut, oso lotua nago umetatik kontzientzia sozial horri eta saiatzen naiz nire ekarpena egiten. Behin biziko naiz eta nahi dut bizitza aprobetxatu ahal dudan gehiena eta ahal dudan gehien eragin. Baina beti nire ahotik eta nire izenetik. Eta ez dut espero jende guztiari gustatzea egiten dudana. Uste dut ilusio faltsua dela.

 

IRATI (LK). Nahita ere, nekez bildu daiteke mundu guztiaren adostasuna. Eta plazan egon nahi duenak jakin behar du besteen iritziekin bizitzen. Hori ere ikasi egiten da.

 

JON. Ni oso espuesto bizi naiz hortara. Disfrutatu dudan intensidade berberarekin sufritu dut ere bai. Hori nire akats bat da, ba, horri oso lotua egon dela beti nire bizitza. Publikoaren onespena bilatu izan dut askotan. Ba, ni bertsotan hasi nintzenean gazteleraz pentsatzen nuen. Nire bertsokera oso arraroa zan. Nire unibertso imaginarioa desberdina zan. Berriak jaio ginen liburuan esaten dudan moduan gu bertsolari invitroak ginen. Besteak amaren tititik jaio ginen, ez bazan bertsolaritza baina tradizioa, hizkuntza. Ni ez. Orduan bai bilatu izan dudala jendearen oniritzia, onespenak eta alderantzizkoa zenean ba gaizki pasatzen nuen, horrekin sufritu dut dexente. Nire bizitzan. Baina egia da azala gogortzen joaten zaizula, beldurrekiko, horrekiko guztiarekiko distantzia hartzen zoazela.

 

IRATI (LK). Jim Hawkins gaztetxoaren eta Long John Silver pirataren abenturak kontatzen dituen Altxor uhartea, Robert Louis Stevensonen klasikoa izan da beti Jon Maiaren bihotzeko liburuetako bat. Eta esango genuke badagoela beregan espiritu abenturazale bat, bere karrera bultzatzen duena.

 

JON. Ez dut pentsatzen dakidanarekin konforme geratzerik, edo. Beti daukat gogoa zerbait berria egiteko, beti nago irekia, askotan gauza batek bestea ekartzen du, aukerak etortzen zaizkit eta aukera horien aurrean bai edo ez esan behar dudanean, normalean bai esaten dut. Gero batzuetan damutzen zara, ezta? Pentsatzen duzu, zer egiten dut nik hemen, zeinek agindu dit marroi honetan sartzeko? Edo a ber nola irtetzen naizen, ze beti zaude oso espuesto. Egiten dudan guztia publikoa da eta publikoarentzat. Beti espuesto zaude kritiketara. Edo jendearen errezelora. Edo badakizu, eta bueno, baina egia esanda ba ez naiz damutzen. 50 urte egingo ditut aurten eta bizitzaren garai honetara nola iritsi naizen, zenbat gauza egiteko aukerarekin eta ze ondo pasatzen ari naizen, ba ez naiz damutzen.

 

IRATI (LK). Damutu damutzen da, dio, hanka sartzeak, huts egiteak saihestezinak direlako, baina maiz segurtasuna arriskatuz gauza berriak probatzea hori ez, hori ez zaio damutu.

 

JON. Nik uste dut arriskua daukazula bestela fosilizatzeko. Hau da nire pentsamendua, hau naiz ni. Eta fideltasunaren kontzeptu tranposo bat ere bai, ezta? Tranposoa norberarentzat nahi dut esan. Eta nik uste dut horiek pentsamendu-kaiolak bezala direla, ezta? Ni horrelakoa naiz. Ematen du ezin zarela beste modu batekoa izan, ezin zarela aldatu. “Ni ez naiz damutzen egin dudan ezertaz”. Ba, ni bai. Ni damutzen naiz egin ditudan gauza askotaz. Ez dut pentsatzen dena ondo egin dudanik. Ia astero damutzen naiz zerbaitetaz eta pentsamendu-kaiola horietatik irtetetzeko hautua aspaldi egin nuen. Ni beti nago prest ikasteko. Beti nago prest ikasteko eta beti nago zabalik. Eta gero gustatzen zait ni baino hobeak direnekin elkartzea. Edo nik baino gehiago dakitenekin egotea. Eta delegatzea.

 

IRATI (LK). Ausardia bertuterik inportanteena dela esan zuen Maya Angelou poeta estatubatuarrak, ausardia behar delako ona edo justua edo eskuzabala. Horretan Ados dago Maia, Mayarekin; Jon, Angelourekin. Beharbada ausardiaren definizioa da aldatu behar duguna. Eta zabaldu.

 

JON.  Ausardiaren kontzeptua ere normalean ulertzen den hori baino zabalagoa izan daiteke. Hemen ausardiaren lotu dugu oso kontzeptu maskulinoa. Borrokara joatea, ez dakit nola, fisikoki. Eta akaso momentu batean ausartena da norbaiti eskua ematea. Edo gaizki egin duzun zerbait onartzea edo barkamena eskatzea, zergatik ez, egiten dituzun minekin edo kalteekin, hori ere ausarta izatea da.

 


IRATI (LK). Ahots bete, ederra, 30 urteko ibilbidea abestientzako letrak egiten, Karidadeko Benta  eta Hezurbeltzak taldeetan esperientzia: Jon Maiak bazeukan musikan eskarmentua baina iaz jauzi bat eman zuen esparru horretan. Kantu bat gara proiektuarekin, diskoa, liburua eta bi ordu eta erdiko ikuskizuna.

 

JON. Niretzat salto bat bezala izan da Kantu bat gara. Bilatu dut salto bat izatea, ze musikalki egin ditut gauzak, Karidadeko benta eta hezurbeltzak eta nahiko bide bazterretik joateko apustuak izan dira. Baina kasu honetan nahi nuen salto bat eman eta probatu  beste eskenatoki batzuk eta beste modu batzuk ere bai eta hasieratik saiatu gara handitasun moduko bat ematen, antzekoetan jotzen, leku handiagoetan, eta niretzat kristona izaten ari da hau. Batez ere ikusten dudalako etortzen den jendea ateratzen dela desberdin, beste energia batekin, barre eginda, negar eginda, eta saiatzen naiz jendeari ekarpen bata egiten, energia bat ematen, diskurso baikor bat ematen eta gure modua definitzeko modu berriak, berritzaileagoak eta inklusiboagoak bilatzen.

 

IRATI (LK). Ideia bat gizarteratu nahi du Maiak: asko aldatu garela euskaldunak administratiboki eta juridikoki historian zehar baina aldatu ez den zerbait ere bagarela eta zerbait hori geure kantuetan dagoela, beste inon baino gehiago.

 

JON. Denetarik izan gara milaka urteetan. Etnia, tribu batetik oraingo departamendutaraino denetarik izan eta izango gara, segun ze gerra galdu eta irabazten dugu, zelan konpontzen garen gure artean. Hori beti egon da aldaketan eta transformazioan. Baina beti izan garena da kantua, milaka urtetatik datorrena. Eta gaur podcast honetaraino iritsi dena, bizirik. Erresuma bat izan ginenetik, neolitikoan bizi ginenetik, errepublika edo nahi duzunetik, forma horren azpitik edo gainetik beti iraun du gure kantuak.

 

IRATI (LK). Gerra, gatazka, arazo, eta sasi guztien gainetik; aldaketa, transformazio, moda eta hodei guztien azpitik: euskarazko hainbat kantuk mendeetan zehar iraun dute bizirik.

 

JON. Nik kontzertuetan jartzen dudan adibideetariko bat da Bereterretxeren kantorea. Norbaitek hori idatzi zuen XV. mendean, borda batean, Zuberoako borda batean, kandela baten argitan. Ia seguru esan dezakegu hori. Zer gertatu behar izan da, kantu hori 600 urtetan zehar bizirik mantendu dadin? Borda hartan idatzi zutenetik eta melodia bat jarri ziotenetik gaur hemen Zumaian aipatzeraino. Zer gertatu behar izan da? Tartean gertatu dira gerrak inbasioak erresumak, autonomia, eta kantu horrek jarraitu du bizirik. KaNtu hori norbaitek entzungo zuen, pertsona batek edo ehunka pertsonek eta gero gogorik gogo memoriaz memoria, burutik belarrira, eta belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende iritsi da gaur arte. Zer da hori. Kate luze horretan dago nire ustez gure existentziaren sekretua (51.20)

 

IRATI (LK). Unibertsalak, atabikoak, espiritualak. Bitxiak dira kantuak. Eta magikoak. 10 segundutan negarrez hasi gaitezke kantu batekin. Emozioekin lotura zuzenagoa daukate, eta horregatik dira hain boteretsuak.

 

JON. Dena sentimenduak mugitzen du. Eta badakit hori matizatu daitekeela, noski, baina sentimendua da hemen jendea mugitzen duena. Maitasuna… eta horretarako kantuak behar dituzu, antzerki obrak, pelikulak, errelato bat sortzeko.  Laguntzeko jendeari bere kezkak, bere ametsak aiderazten. Non bestela? Non adierazi behar du jendeak bere sentimenduak? Legebiltzarrean eskaño bat ez badaukazu zure izenean… non esan behar dituzu gauzak? Esan behar dituzu kontzertuetan, kalean, liburuetan, pantailetan…

 

IRATI (LK). Gizartearen ispilu diren eta gizarteari bere burua ikusteko ispilu ematen dioten kulturaren aldekoak dira gure gonbidatuaren azken hitzak, kulturaren, kultur adierazpideen eta guzti hori saretzen duen ehun hauskorraren aldekoak.

 

JON. Gauza asko tratatzeko kulturak ematen digu beste logika bat, ez da berdina gauzak esatea kantuen bidez edo liburuen, dantzaren, margolanen bidez edo esatea txostenetan, deklarazio instituzionaletan. Ez dakit zertan. Ez da berdina. Eta nik uste dut kulturak funtzio inportantea daukala, bai iraganeko zauriak sendatzeko eta bai etorkizuneko gizartea irudikatzeko garaian. Eta ez zaio ematen leku estrategiko hori. Hori aurrekontuetan ere ikusten da. Ez zaio ematen. Baina guk segituko dugu. Kantuak egiten, liburuak idazten.

 

IRATI (LK). Segitu zertan? Ez da erraza esatea. Inoiz da jakiten Jon Maiaren hurrengo proiektua zein izango den. Euskaraz izango dela, hori ziur.

 

JON. Euskararik gabe ez naiz inor. Nire publikoa, nire lana euskararekin da, euskaraz, euskeratik, euskarara. Baina bai abentura honetan segiko dut, denbora askoan eta niri ere gustatzen zait ez jakitea zer egingo dudan. Baina zorionez gauza egiteko aukerarekin iritsi naiz. Datorren urtean, datorren hilabetean egingo ditut 50 urte. Hor ari naiz gestionatzen hori nola digeritu, ze angustia ematen dit. Gauza asko nahi ditut egin eta ez dago denborarik dena egiteko eta gauza pilo bat nahi ditut egin oraindik. Batzuetan gehiegi. Antsietatea sartzen zait. Batzuetan sentitzen dut ditudala lau edo bost bizitza paralelo.

 

IRATI (LK). Momentuz, Kastellanoak izeneko dokumentala dauka esku artean eta saio guztiz berezia uda honetan, Nafarroan. 500 urte betetzen dira aurten Gaztelako Koroaren kontra matxinatu ziren azken nafarrek Amaiurko gaztelu baltza galdu zutenetik eta emankizun berezia prestatzen ari da, Amaiurko herriak berak eskatuta. Kantu bat gara ikuskizunarekin eszenatokiz eszenatoki jarraituko du datozen hilabeteotan eta gero batek daki, beste disko bat ere ba omen duela esan digu, akaso kajoi baten betiko geratuko dena. Hainbat dira Jon Maiaren Interes, gogo, ideia, proiektuak. Bere Zumaiako etxean elkar agurtu dugunean ikusi ditugun olatuak bezain beste eta denak nahiko lituzke nabigatu, intuizioa lemazain, bere ontzi propioan, abentureroen espiritu adoretsuarekin.

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean