Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

«Talderik gabe ez dago kontakizunik, ez dago diskurtsorik, ez dago produkturik»

«Talderik gabe ez dago kontakizunik, ez dago diskurtsorik, ez dago produkturik»

«Ezin dituzu beti taldekideak aukeratu, baina motibatu ahal dituzu, irekitzen duzun bidean sinets dezaten»

«Hainbeste urteko lanaren ostean, pozgarria da ia edonori Whatsapp bat bidali ahal izatea»

Dani Álvarez, Radio Euskadiko informazio-zerbitzuetako burua

Dani Álvarez (As Pontes de García Rodríguez, A Coruña, 1977) izan dugu solaskide LABORAL Kutxaren podcastaren bigarren saioan. Esperientzia luzeko kazetari honek hamaika urtez zuzendu du Radio Euskadiko «Boulevard» goizeko informazio-irratsaioa; zenbait telesaio ere aurkeztu ditu ETBn, hala nola «El lector de huesos», eta, gaur egun, euskal irrati publikoko informazio-zerbitzuetako zuzendaria da.

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

IRATI JIMÉNEZ (LABORAL Kutxa). Pertsona batzuk istripuz iristen dira beren lanbidera. Beste batzuek, berriz, nekez egin lezakete beste gauzarik. Bigarren talde horretakoa da gure gonbidatua. Txikitan, bere lagunekin futbolean jokatzen zuenean, partiden zuzeneko kontakizuna ere egiten zuen. Nagusitan, kazetari-talde baten buru izatea egokitu zaionean, lankideak lagun gisa tratatzen saiatu da. Duela hogei urtetik baino gehiagotik komunikabide publikoekin lotuta egon da bere ibilbidea. Eskakizun handiko zeregin horretan egoki moldatu da, garrantzi handiko bi bertute konbinatuz: sinesgarritasuna eta adeitasuna. Hala, meritu handia du alderdi politiko guztietako liderrei elkarrizketa egin eta bat ere etsai ez bihurtzeak, edo konfrontazioa nagusi den giro politiko batean eztabaida-saioen moderatzailea izanda beti lasaitasunari eusteak. Milaka lagun esnatu izan dira goizero Dani Álvarezen ahotsarekin, Radio Euskadi entzuten, harik eta iazko ekainean Boulevard irratsaioa utzi zuen arte.

DANI ÁLVAREZ. Ia-ia familia bat bezalakoak garenez, batzuetan uste dugu astakeria batzuk esateko konfiantza ere izan dezakegula, ezta? Dena dela, funtsezkoa da lankideen sostengua izatea eta haiei behar adinako konfiantza ematea, adibidez, «ez jarraitu hortik» esan diezazuten. Izan ere, programa ondo ateratzen bada eta meritu guztiak mikrofonoaren aurrean dagoenak eramaten baditu ere, horrek sare bat izan behar du azpian, kolperik ez hartzeko. Adibidez, goiz batzuetan erdi-lo etorri naiz, arretarik gabe, gogorik gabe, edo burua beste gauza batzuetan nuela, eta ez egiten ari nintzen horretan. Horrelakoetan besoetan eraman naute lankideek. Beraz, esker ona eta adeitasuna ez dira inoiz galdu behar.

Jende gehienak gogoeta on bat edo ideia on bat entzun nahi du, aterpe hori behar du, sare sozialetan dagoen zarata eta gorrotoa alde batera utzita. Adibidez, norbaitek esandako gauza interesgarri bat entzuten duzunean, adorea ematen dizula dirudi, ezta? Gero zuk hori erabili eta zure konklusioak atera ditzakezu. Hori ez da liburuekin bakarrik lortzen. Ahotsak ere sekulako boterea du horretarako.

IRATI (LK). Ostirala, goizeko 08:00ak. Kalean urria da argia eta Radio Euskadiren programazioan Boulevarden bigarren zatia hasten da, ostalaritzarako agindutako itxierari buruzko azken ordukoaren berri emateko. EiTBko erredakzioan, Dani Álvarezen taldea lanean ari da 13:00etako informazio-saiorako gaiak prestatzeko. Ordu horretan, lasaitasuna da nagusi oraindik. Izan ere, Crónica de Euskadi irratsaioaren editoreak dioskunez, bere bizitza zeharo aldatu da goizeko hiruretan jaiki behar ez duenetik. Hori egiten dute Boulevardeko bere lankideek, lan-jardunaldiari hasiera emateko eta irratiak entzule gehien duen orduan informazio-irratsaioa prest egoteko. Unerik zailenetako bat da kazetari batentzat.

DANI. Honako hau esan ohi nien nik lankideei: «Hona nentorrela, hatza atera dut kotxeko leihatilatik, eta haizeak harantz jotzen du. Orduan, guk ere harantz joko dugu, ezta?» Garrantzitsua zen goizeko lehen ordutik herriak arnasten zuen airea sumatzea eta horretan arreta jartzea, nik uste. Gutxitan asmatzen duzu, baina, asmatzen duzunean, sekulako poza hartzen duzu. Lasterketa bat irabazten duen kirolaria bezala sentitzen zara. Antzeko sentsazioa da. Ni nahiko autokritikoa naiz nire lanarekin, eta, egun batean pozik irteteko, gauza guztiek ondo atera behar dute. Hori gertatzen denean, poz-pozik geratzen naiz; izan ere, nire zoritxarrerako, gehiegi gustatzen zait nire lana.

IRATI (LK). Horregatik, hain zuzen ere bere lana gustatzen zaiolako, urte mordo bat pasatu du goizeko 03:00ak eta 04:00ak artean jaikitzen, herriaren lehentasunen agendarekin ahalik eta antz handiena duen irratsaioa prestatzeko. Iazko ekainean, zikloa aldatzea erabaki zuen, bizitza profesionala eta pertsonala bateragarri egin ahal izateko, estres txikiagoko ordu-tarte batean.

DANI. Nolabaiteko ardura-postu bat duzunean nahikoa eragina duen irrati bateko prime timean, ezin duzu alde batera utzi zeure erantzukizuna. Gero, zure lanean obsesiboa bazara, niri gertatzen zaidan bezala, handiagoa da erantzukizun hori, behar baino askoz handiagoa, beharbada. Beraz, une erabakigarri batera heldu nintzen nire bizitzan. Nire seme-alabek —txikiak dira, 2 eta 7 urte dituzte— eta lagunek ematen niena baino arreta handiagoa behar zutela ikusi nuen. Egia esan, ordura arte inoiz ez nuen nire ibilbide profesionala hausteko erabakia hartu. Ordura arte, zikloak amaitzen zirenean, amaitu egiten ziren, eta ziklo berria hasten zen. Oraingoan, ordea, erabaki arriskutsua hartu dut. Ea zer gertatzen den. Asmatu egin dudala uste dut.

ZINTA. 3B LOKUZIOA. Dani Álvarez As Pontesen jaio zen, A Coruñan, eta Euskal Herrira etorri zen 20 urtez baino gehiagoz izan duen lanbidea ikastera: kazetaritza. Era guztietako ardurak eta ordutegiak izan ditu irratian: gaueko 21:00etako informazio-saioa editatzea, goizeko 07:00etakoa eta arratsaldeko 13:00etakoa. Elkarrizketa hau egin eta aste batzuk geroago, informazio-zerbitzuetako zuzendari izendatu zuten bere betiko etxean. Radio Euskadin. Berak bere buruaz esaten duenez, handitu egiten da kaosaren barruan.

DANI.  Ez naiz batere ordenatua nire bizitzako ezein alderditan, ezta lanean ere. Hori dela eta, kaosa eta anarkia nagusi diren egoeretan nire onena ematen dut.

IRATI (LK). Hortaz, irratirako jaio zara (barreak).

DANI. Ustekabeko zerbait gertatzen denean, nire burmuina aktibatu egiten da. Egun lasai batean bagaude eta albisteak aurreko egunekoak badira, berriz, hori ez da batere motibatzailea niretzat.

IRATI (LK). Malabaristaren sindromea da?

DANI. Erlaxatzen naizenean, nire alderdirik txarrena ateratzen da. Despistatu egiten naiz. Ihes egiten didate gauzek. Orain, eguerdiko 13:00etatik 14:00etara bitartean egiten dudan informazio-saioan, hiru edo lau gauza erabaki behar ditut nire senari jarraikiz, eta erne egon behar dut, aktibatuta egon. Horretan gozatu egiten dut. Aktibatuta egon behar dut eta gozatu egiten dut. Gero, horrek beste ondorio bat du, niretzat oso barregarria dena: gizarte digital berri honetan, askoz ere esposizio handiagoa dugu komunikabideok, baita erakunde, alderdi politiko eta pertsonaia publikoek ere. Jendeak pentsatzen du: «Zergatik egiten du galdera hori? Zergatik erabaki du gaur albiste hori ematea?». Barregarria iruditzen zait jendeak horretaz guztiaz gogoeta egitea, gu erabiltzen gaituen esku beltz bat egongo balitz bezala. Egia esan, errealitatea guztiz bestelakoa da. Irratian, gauzak kasualitate hutsez gertatzen dira aldien % 80tan. Albiste hori ematen duzu besterik ez duzulako, zure baliabideak hor dituzulako edo benetan uste duzulako horretan jarri behar duzula arreta. Eta, askotan, zorteak zerikusi handia du informazio-saio on bat ateratzeko. Hau da, zuk egindako apustua bat etortzea gero benetan gizartean garrantzia duenarekin. Zentzu horretan, informazio-saio hau oso dibertigarria da.

El lector de huesos

IRATI (LK). Laster beteko da lehen mendeurrena telebista jaio zenetik eta irratiaren amaieraz hitz egiten hasi zenetik. Baina komunikabide horrek bizirik eta indarrean jarraitzen du, besteak beste podcast formatuari esker. Gure gonbidatua telebistan eta irratian aritu da bere ibilbidean zehar, eta uste osoa du komunikabideen ekosisteman guztientzako lekua dagoela.

DANI. Nire ustez, irratiak ez du gaur egun historiako beste garai batzuetan izandako eragin soziala, baina indar handia du oraindik. Adibidez, goizean, eguneko informazio-agenda markatzeko, eta gero, eguneko gainerako uneetan, jendeari ahotsa emateko, irratirik ez balego jende askok ez bailuke lekurik izango komunikabide indartsuenetan, ezta? Hori balia dezakegu oraindik.

IRATI (LK).  Boulevardeko burua izan zinen garaian, entzuleen % 20 eta % 25 bitartean lotzen zitzaion goizero irratsaioari. Iaz, zure lanbide osoari emandako saria lortu zenuen Gasteizko Telebista Jaialdian: Constantino Romero saria. Kazetari handiek irabazi dute sari hori iraganean, Rosa Maria Calaf-ek adibidez. Baina, zer da kazetari handia izatea, nola lortzen da hori?

DANI. Esango dudana harrokeriatzat har daiteke beharbada, baina, Kapuscinkik zioen bezala, kazetari ona izateko pertsona ona izan behar duzu, pertsona ona ez bazara ezin izango baituzu enpatizatu kontatzen dituzun albisteetako protagonistekin. Hori, lanbideari dagokionez. Baina, irratian, telebistan eta edozein komunikabidetan, talderik ez badago, ez dago kontakizunik, ez dago diskurtsorik, ez dago produkturik. Horregatik, nire lagunekin, etxekoekin eta ingurukoekin naizen bezalakoa izaten saiatzen naiz nire lankideekin. Zuk ezin dituzu beti taldekideak aukeratu, baina motibatu ahal dituzu, irekitzen duzun bidean sinets dezaten. Goizeko irratsaioak, adibidez, eskakizun handiko programak dira, eta horiek egiten dituzunean taldekideekin denbora gehiago pasatzen duzu familiarekin baino.

IRATI (LK). Horixe esan ziguten Moriartiko kideek, denbora gehiago pasatu zutela hirurek elkarrekin familiarekin baino.

DANI. Nik egin ditudan ia 11 urte hauetan lankideren batzuk ospitalera eraman behar izan ditut, larrialdietara, arazo fisikoak edo medikoak zirela eta. Nire seme-alabak jaiotzen ikusi ditut, nire aita hil egin zen… hori guztia pasatu dut eta, orain, bizitzako balantzea egiten ari naiz, hori guztia atzerako ispilutik begiratzen ari naiz. Ziztu bizian ibiltzen ginenez, berehala pasatu behar izaten genuen orrialdea. Dena dela, une batean gelditu eta begiratu egin behar duzu. Nik garai hartan eutsi egiten nion, baina lankide askok esaten zidaten: «Begira, aldaketa bat behar dut». Horiek joan egiten ziren, eta beste batzuk etortzen ziren. Gauzak horrela, jendearenganako gutxieneko estimurik ez baduzu, bizikidetza hautsi egiten da, askotan ikusi dut hori. Eta ni beti saiatu naiz hori gerta ez dadin.

IRATI (LK). Boulevardeko lankideek agurtzeko egin zizuten oparia ikusita, nahiko ondo atera zaizula ematen du.

DANI. Boulevarden amaitu nuenean, uztailean, makila bat oparitu zidaten lankideek.

IRATI (LK). Opari polita.

DANI. «Gure lehendakariari». Egia esan, ilusio handia egin zidan. Etxeko langelako apal batean dut. Bai, niretzat, lankideak lagunak dira. Informazioa eta laneko gauzak partekatzen ditut haiekin, baita txorakeriak, memeak eta txisteak ere. Hori ondo dago. Baina ez du zertan horrela izan. Nire nagusi batek esan ohi zuenez, «hona ez gatoz lagunak egitera, lan egitera gatoz». Hori ere egia da.

IRATI (LK). Lan-ingurune kaskarrak eta buruzagi toxikoak dituzten taldeak ohikoak diren mundu batean, gure gonbidatuak ziurtatu digu zorte handia izan duela bere lantaldeekin, eta estimu handia diela lankide izan dituen pertsonei. Bere lantaldeaz ez ezik, berarekin jardun duten kolaboratzaileez eta elkarrizketatu dituen pertsonez ere ondo hitz egiten du. Errealitatea saihestu gabe, konfrontazioari ihes egitea da bere estiloaren ezaugarria.

DANI. Kolore guztietako jendea ezagutu dut. Egia esan, denboraren poderioz urrezko arau bat ikasi dut. Lehenbizi, «hitz egin nahi duzunaz». Eta gero, «gustatuko ez zaizkizun galderak egingo dizkizut». Bada zuk diozun tentsio hori, «titular bat kosta ahala kosta lortzea», 22 edo 25 minututan esan dutena 20 segundotan laburtuko duen esaldi bat lortzea. Tira, hori horrela da. Komunikabideen merkatua da. Nik ezin dut horren kontra borrokatu edo hori eraitsi. Horrela da, albisteak titularretara mugatu behar dira. Eta ez dut ukatzen eguneroko elkarrizketetan hori bilatu behar dela. Baina ez dut uste inork irrati publikora etortzen denean segada bat egingo diogula pentsatzen duenik. Ez gaude horretarako.

IRATI (LK). Ideia bera errepikatzen da kazetaritzaz eta komunikabide publikoetako profesionalen eginkizunaz hitz egiten dugunean. Helburua ez da banatzea, kohesionatzea baizik.

DANI. Oso herrialde zaila da gurea. Jendeak bi edo hiru kidetasun-sentimendu ditu aldi berean, bi edo hiru hizkuntzatan hitz egiten du eta ia eskualde bakoitzean dago bidegabekeria-sentimenduren bat zerbaitengatik. Hori kudeatzea oso zaila da. Nik solasaldietan horren inguruko proposamenen bat egiten nuenean, gure entzule guztiak ez zirela egunero ordezkatuta sentituko esan ohi nuen. Baina noizean behin ordezkatuta sentitu behar dute. Noizean behin, bai. Badakigu zein diren gure herriko ildo ideologikoak. Funtsean, lau dira, nahiz eta gero Legebiltzarrean 18 alderdi egon. Funtsean lau dira ildoak, eta horretan Nafarroa ere sartzen dut (Iparraldekoa konplexuagoa da). Siglak beste gauza bat dira, niri siglak gutxiago interesatzen zaizkit. Egin dezagun ahal duguna… guztiek ez dute beren jarrera indartuta ikusiko egunero, eta, gainera, ez dut uste hori kazetaritzaren lana denik, baina ez dezagun jendea beharrik gabe gogaitu. Eta ez dezagun ezer iraingarririk esan.

IRATI (LK). Mundu honetan ugariak dira eztabaida antzuak eta konfrontazioa, oso zaila da elkarri entzutea, eta askotan arinkeriaz eta gogorkeriaz hitz egiten da. Horrek esan nahi du, beharbada, ez diogula behar besteko garrantzirik ematen iraindu gabe hitz egiteari. Hobe genuke agian gogoratzea, entzun gabe, ez dagoela talde-lanik, eta adeitasunik gabe, ez dagoela lankidetzarik. Agur esan eta bere mahaira 13:00etako informazio-saioa prestatzera itzuli baino lehen, Crónica de Euskadi irratsaioaren editoreak aitortu digu bera nahiko ondo moldatu dela filosofia horrekin.

DANI. Ni harro egon naiteke horretaz; oro har, jendearekin harreman onak ditudala uste dut. Hainbeste urtez lan gogorra eta lo gutxi egin ondoren, egia esan, pozgarria da Whatsappa zabaldu eta ia edonori mezu bat bidali ahal izatea.

IRATI (LK). Pozik, horrela egin zion agur gure gonbidatuak Boulevardeko azken saioari. Pozik etapa berri bat hasten duelako, talde on baten buru izan delako eta elkarrekin irratsaio handi bat egin dutelako.

 

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Cookie propioak eta hirugrarrenenak erabiltzen ditugu zure irisgarritasuna hobetzeko. Zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko eta iragarkiak erakusteko.
Webgunean nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula joko dugu.
Informazio gehiago Cookien gaineko politikan.