Zoriontasunaren ekonomia

Zoriontasunaren ekonomia

4 min.

Zoriontasunaren ekonomia

Zoriontasuna zera da, geure buruari ezarri genizkion helburuetakoren bat bete ondoren, ongizateaz eta gogobetetasunaz gozatzen dugunean bizi dugun gogo-aldartea. Eta hori ekonomiarekin lotzen dugunean, baliteke, oker, baina uste izatea zoriontsu izateko egin behar den gauza bakarra dirua edukitzea dela. Hala ere, jarraian ikusiko dugun bezala, hori ez da zoriontasunaren ekonomiari buruz hitz egiterakoan dagoen kontzeptu finantzario garrantzitsu bakarra.

Jakin nahi al duzu zer esan nahi duen benetan zoriontasunaren ekonomia kontzeptuak, eta zer egin dezakezun hura lortzeko? Jarraian, gako nagusietako batzuk azalduko dizkizugu.

Zer den zoriontasunaren ekonomia

Zoriontasuna eta zoriontasunean modu positiboan eragiten duten elementu guztiak aztertzean espezializatuta dagoen diziplina gisa defini liteke zoriontasunaren ekonomia. Edo, bestela esanda, zoriontasunaren eta errealitate ekonomikoaren artean dagoen oreka alderatzen duen zientzia da.

Aurreko mendeko 70eko hamarraldian, zera aztertu zuen Richard Easterlin ekonomialari estatubatuarrak: herrialdeek herritar gehienen oinarrizko beharrak asetzea ahalbideratzen zuen nolabaiteko errenta-maila gainditzen zutenean, diru-sarrerak pixkanaka handitzeak, herritarrok zoriontsuago ez sentiarazteaz gain, zergatik kasu askotan aurkako efektua sortarazten zuen. Egoera horri Easterlinen paradoxa deitu zitzaion eta, ordutik, aditu ugarik jardun du horrek izan dezakeen azalpena ebaluatzen.

2008. urtean, Whartongo Unibertsitateko espezialistek ikusi zuten diruak pertsonen zoriontasunean zuzeneko eragina duen arren, bi parametroren nolabaiteko eragina ere baduela zoriontasun horrek: zenbat eta diru gehiago izan, jendeak bere finantza-egoera bere ingurukoen egoerarekin alderatzeko joera du eta, konparazio horretan onik ateratzen ez bada, areagotu egiten da pertsonaren zoriontasunik eza. Diru-sarreren maila handitzea lortzeko egin beharreko lan-ordu kopurua da beste baldintzatzailea; hau da, errenta handiagoa izateko beharrezkoa baldin bada bizi-kalitateko aisialdi-denbora gutxiago izatea, azkenean, areagotu egiten da norbanakoaren atsekabe-sentsazioa.

Gainera, adituek diote gizakia azkarregi egokitzen dela bizi-maila hobe batera; beraz, gogobetetasunak zerikusi handiagoa du norbanakoak soldatan dituen aldaketekin haren benetako bizi-baldintzak hobetzearekin baino.

Faktore erabakigarriak

Zoriontasunaren ekonomia aztertu duten ekonomialarien esanetan, badaude zoriontasun horretan modu erabakigarrian eragiten duten elementu batzuk, bai norbanakoen kasuan, bai herrialdeen kasuan. Horien artean, nabarmentzekoak dira honako hauek:

  • Dirua. Alegia, zenbat eta handiagoa izan diru-sarreren maila, orduan eta zoriontasun-maila handiagoa lor daitekeela, a priori behintzat. Herrialde baten kasuan, esan nahi du barne-produktu gordina hazten bada, gizarteak herritar zoriontsuagoak izateko baldintza hobeak izango dituela; gure errealitate pertsonalean, gure soldatan izandako edozein hobekuntzak ekarriko digu zoriontasuna, zoriontasun hori iragankorra izan arren.
  • Egonkortasun ekonomikoa. Aurreko kontzeptuarekin oso lotuta dago, eta lana izateko segurtasuna eta diru-sarreren bolumen errepikakorra ematen dizkio pertsonari, nolabaiteko kaudimen ekonomikoa bermatzen diotenak. Nazio mailan, maila guztietan pertsonen nolabaiteko ongizatea ziurta daitekeela esan nahi du, baita krisialdietan ere.
  • Osasuna. Aktiboagoa izateko eta edozein gorabeherari baldintza onetan aurre egiteko aurretiko jarrera ematen dio pertsonari. Herrialde baten ikuspegitik, eskura zerbitzu-sorta hobea izatea esan nahi du, gizarte osoa izan dadin zerbitzu horien onuradun.
  • Kalitatea lanean. Adibidez, kontratu mugagabe batekin edo ibilbide profesionaleko plan batekin, lan-baldintza onenak edukita edo jardun profesionala hobetzen duten lankideak edukita.
  • Harreman sozialak eta giza harremanak, lanean zein maila pertsonalean eta familiarrean. Etxean, elkarrekin bizi diren kide guztien arteko harmonia afektibo ona dagoela esan nahi du.
  • Askatasun pertsonala eta aisialdia. Esan nahi du edozein pertsonak edo gizartek duela bere aisialdia gozatzeko gaitasuna, horregatik inolako errepresaliarik jasango ez duten berme osoarekin.

Nola hobetu zoriontasunaren ekonomia, finantzen bitartez

Faktore horiek mahai-gainean dituelarik, bere zoriontasunaren ekonomia hobetu nahi duen edonor saia daiteke bere finantzak modu aktiboan lantzen, honako gomendio hauei jarraituz:

  • Arriskua murriztea. Gure zoriontasuna areagotzeko modu bat da gerta dakigukeen edozein mehatxuren aurrean geure burua eta etxekoak babestea; hala nola desgaitasun larri bat edo, kasurik txarrenean, heriotza eragin diezagukeen istripu baten aurrean. Gaur egun, gure eguneroko errealitateko alderdietako bakoitza estaltzen duten aseguruen aukera zabala daukagu; adibidez, osasun-, bizitza-, automobil- eta etxebizitza-aseguruak. Badaude epe luzera errentagarritasuna lortzeko aukera ematen diguten batzuk ere, bizitza-aurrezkiko aseguruak adibidez.
  • Segurtasun-koltxoia sortzea. Aurreztea etorkizuneko gure zoriontasuna modu proaktiboan lantzea da. Adibidez, lasaitasuna ematen digu gure erretiroa ekonomikoki prestatzeak, badakigulako lan-mundua uzten dugunean gure diru-sarreren maila murrizten zaigunean, babestuta egongo garela. Bankuko kudeatzaile baten aholkularitza profesionala izateak modu erabakigarrian lagun diezaguke etorkizunean gure buruari ezarri dizkiogun bizi-helburuak lortzen. Ildo horretan, funtsezkoa da hilero aurrezpenera bideratzea ditugun diru-sarreren zati bat.
  • Neurriz gastatzea. Gure gastuen aldizkako kontrola eramatea edo plangintza bat izatea funtsezko elementuak dira hilero gastatzen duguna baino gehiago kobratu dezagun Gure bizitzan zehar ditugun eta gure finantza-egoerari eragiten dioten aldaketak gorabehera, gauzak behar bezala planifikatuz gero, aurreztu egin ahal izango dugu, etorkizunean gerta dakigukeenaren aurrean ekonomikoki prest egon gaitezen.

LABORAL Kutxan, zure zoriontasunaren ekonomian zuri laguntzeko soluzioak ditugu. Zuzenean kontsulta dezakezu zure kudeatzaile adituarekin edo, nahiago baduzu, informa zaitez gure webgunean.


Zein da zure erreakzioa?