Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

«Filmari beste norabide bat eman behar bazaio, denon artean erabakitzen dugu»

«Filmari beste norabide bat eman behar bazaio, denon artean erabakitzen dugu»

Jon Garaño eta Aitor Arregi, Handia eta La trinchera infinitaren gidoilariak eta zuzendarikideak, LABORAL Kutxaren podcastean

Jon Garaño (Astigarraga, 1974) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) —La trinchera infinitaren zuzendarietako bi— izan ditugu solaskide LABORAL Kutxaren podcasterako gure lehen kapituluan. 2021eko Oscar sarietarako aurrehautaketan dago filma, hiru lagunek zuzendua. Ez da oso ohikoa bereizgarri hori zinemaren munduan, eta horretaz gehiago jakiten saiatu gara.

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcasten, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

IRATI JIMÉNEZ (LABORAL Kutxa). Azken 15 urteotan, hiru film idatzi dituzte eta bi zuzendu dituzte gure gonbidatuek, Aitor Arregik eta Jon Garañok. Egia esan, zuzenagoa litzateke esatea bat elkarrekin zuzendu zutela eta beste bat hirurek eta Jose Mari Goenagak. Krimenaren jenio baten izena daraman eta lanbide horretan guztiz berria den lankidetza-formula bat daukan ekoiztetxe bateko hirugarren gizona dugu Goenaga. Ostegun-goiza da, eta Moriarti ekoiztetxearen bulegoan gaude, mahai baten inguruan eserita. Hogeita bat urte dira hirurak Urnietako Sarobe zinema-eskolan hasi zirela, film-zaletasunak bultzatuta. 1999a zen.

 

AITOR ARREGI. Niretzat, garrantzitsua da oreka bilatzea: den-denaz arduratzea baina, aldi berean, bakean sentitzea. Eta ez garela mundua salbatzen ari jakitea.

 

JON GARAÑO. Baina lanari ekiten diozunean mundua salbatzen ari zarela iruditzen zaizu. Teorian, bai, badakizu gauzak ez direla horrela, baina eztabaidatzen hasten garenean erabateko grina eta indarra darigu. Horregatik dira hain biziak eta beroak gure eztabaidak.

 


AITOR. Gogoan dut Xabier Berzosak deitu zidala; alegia, ekoizleak, ekoizpenez, film laburrez… arduratzen zenak. Nolabait esatearren, errekrutatu egin ninduten, zera nahi baitzuten, film labur bat egin norberak idatzitako gidoi bat oinarri harturik. Besteek, berriz, beste eginkizun batzuetan laguntzen zuten. Hala, bada, film labur batean zuzendari aritzen nintzen; hurrengoan, zuzendari-laguntzaile, edo script, edo ekoizle, edo tokatzen zena. Nire ustean, 1999 eta 2000 bitartean sortu zen elkarlan- eta lankidetza-giro hura, Moriartiren film laburrak egiten hasi ginenean.

 

JON. Hala da, bai: hasieran, batek ideia sortu, eta beste batek zuzendu egiten genuen.. Baina proiektu garrantzitsuagoak zuzentzen hasi ginenean —telebistarako dokumental batzuk eta, batez ere, Lucio dokumentala (2007)—, elkarrekiko zuzendaritzari ekin genion, eta harrezkeroztik eutsi egin diogu formula horri. Barneratua genuen jada lankidetzarako grina. Telebistarako lehenbiziko dokumentalak elkarrekin zuzendu genituen, baina batez ere asmo handiagoko proiektuei ekitean deritzogu garrantzitsua elkarrekin zuzendari jarduteari. Lehenbizi, Lucio egin genuen; gero, La trinchera infinitara arte, biren arteko zuzendaritzan aritu ginen, eta film horretarako hirurok jardutea erabaki genuen. Ez da batere ohikoa, egia esan.

 

IRATI (LK). 2010ean, ikusleak maitemindurik utzi zituzten 70 urtetik gorako bi emakumek, eurek maitemintzerik espero ez zuten arren. 80 egunean film luzeaz ari naiz, Donostia, Hanburgo, Nantes eta Amsterdameko zinemaldietan sariak jasotako pelikula batez. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak idatzi eta zuzendu zuten, eta handik lau urtera berriro ere elkarrekin zuzendu zuten Loreak, doluak elkarrekin lotzen dituen hiru emakumeri buruzko istorio bat, Garaño, Goenaga eta Arregi gidoilari zirela. Normalean bakarka egin ohi den zuzendari-lana nola partekatzen den galdetu diegu.

 

JON: Prozesua funtsezkoa da: erabakiak hartu behar dira, handiak eta txikiak. Filmatzean, berriz, erabaki asko hartu behar dira, eta gauza txiki asko kontuan izan, prozesuak aurrera egin dezan. Zalantzak, berriz, noiznahi sortzen zaizkio edonori: arte-zuzendariari, argazki-zuzendariari… Preprodukzioa asko lantzen dugu, filma nolakoa izango den, zer tonu eman behar zaion… gogoan dugula beti. Prozesu bat da. Zer film-mota egin nahi dugun erabaki behar dugu, eta nola kontatu, jada gidoia idatzita dagoela. Elkarren parean doaz bi zerak, baina amaituta dagoela, argitsua izatea nahi dugu, hotza…; ez dakit, zer edo zer izan behar du. Filmaren zimenduak hor erabakitzen dira, neurri batean. Alor guztiei dagozkienak, gainera: aktoreei jarraibideak ematea, story board bat sortzea… Bibliaren antzeko zerbait da hori, izan ere. Elkarlan-giroan jarduten gara, noski, baina banatu egiten ditugu lanak: zuzendarietako bat talde teknikoarekin aritzen da, eta gero, edizioan eta postprodukzioan, berriro denok elkartzen gara. Hor eztabaida gehiago sortzen dira, jada zati bat filmatua edo grabatua egoten baita.

 

IRATI (LK). Aktore bakoitzak badaki nori galdetu…

 

AITOR. Jon eta biok baldin bagaude, nahiko argi egoten da kontua, baina baldin bagaude… Nik ere ez dakit oso argi, baina entzuten dudanez, joera izaten da ez …, gehixeago nahastea. Norbera nola dagoen, horrek ere izaten du garrantzia. Baina har dezagun Handia, adibidez. Film horretan, Jon gehiago egon zen talde teknikoarekin; ni, berriz, aktoreekin, baina Jonek etengabe ematen zuen iritzia honetaz edo hartaz, eta nik ere gauza bera egiten nuen. Esan nahi dut ez dagoela gainditu ezinezko muga mugiezinik, ezta gutxiagorik ere.

 

JON: Ez zara bazterrera geratzen, ez, baina bai aparte antzean.

 

IRATI (LK). Proiektu bat elkarlanaren bidez aurrera ateratzeko, nahitaez partekatu behar da lankideekin ikuspegi orokor bat, hura abiapuntu harturik lan egiteko. Film bat egiteko, funtsezkoa da filmaketaren aurreko lana.

 

JON: Asko eztabaidatzen dugu, eta haserretu egiten gara; egia da hori guztia.  Baina egia da beste hau ere: ikuspegi bera partekatzen dugula. Argi dakigu zer film egin nahi dugun, eta nola.

 

IRATI (LK). Film horretara nola iritsi, horrek sortzen ditu eztabaidak.

 

JON. Edozer gauzarengatik izan daiteke, baina egiazki garrantzia duena denon artean erabakitzen dugu. Preprodukzioan erabakitakoa hartu eta hau esan dezake norbaitek: «Begira, hau egin nahi genuen». Filma honela egin behar dela esaten badugu, honela egin behar da edo, bestela, ados jarri behar dugu aldaketak egiteko. Baina denon artean hartu behar ditugu erabakiak. Filmari beste norabide bat eman behar bazaio, denon artean erabakitzen dugu. Behin Jose Marik esan zuen % 90ean ados geundela eta % 10agatik eztabaidatzen genuela. Agian txorakeriak besterik ez dira % 10 horretako kontuak, baina hil edo bizikoak ere izan daitezke une jakin batean.

 

 

JON. Normalean, ideia gutako batek izaten du, noski; baina garrantzitsua zera da, denok partekatzea ideia hori. Ados egon behar dugu honetan: egin nahi dugun film bat dela. Ideia izan duen pertsona proiektuan jarduten da, buru-belarri. Horrela egin dugu orain arte, eta hala behar du. Ideia izan duenak idazten du tratamendua —elkarrizketarik gabeko gidoi moduko bat—; ondoren, gidoiaren lehen bertsioa, bigarrena, hirugarrena…, betiere proiektua zein den. Baina, beti, denok hartzen ditugu prozesuaren gaineko erabakiak. Jakina, ideia pertsona bati etortzen zaio burura, ez denoi batera. Gure filmak, gure proiektuak denok erkide dugun zerbait direla sentitzen dugu, pertsona baten burutik sortuak izan arren. Pertsona horrek ideia izan du, baina gero denok egiten ditugu ekarpenak eta ideia denona dela sentitzen dugu. Horrela izaten dira gauzak, gutxi asko; taldeko proiektuak, alegia. Denok egiten ditugu gure ekarpenak, eta denok geureganatzen ditugu. Nire ustez, horretan datza gakoa, hein batean behintzat. Taldeko proiektuak izatean.

 

IRATI (LK). Loreak plazaratu eta handik lau urtera, Handia estreinatu zuen Moriartik, Zinemaldian. Altzoko erraldoiari buruzko fikziozko film luzea da Handia, eta Epai-mahaiaren Sari Berezia jaso zuen Zinemaldian; Goya sarietan, berriz, hamahirutarako izendatu eta hamar eskuratu zituen, film onenarena lortu ez bazuen ere (beste behin). Moriartiren hurrengo —eta momentuz— azkeneko filmak, La trinchera infinitak, bereganatu zuen film onenaren Goya Saria. Beldurraren barrunbeak jorratzen ditu film horrek, zeinaren gidoilari eta zuzendari jardun baitziren moriartitar guztiak (bi ez ezik, hirurak).

 

JON. Deigarria egiten zaio jendeari bi lagunen ordez hiru aritzea, eta askok uste zuten zuzendarikidea aldatu egin genuela. Harritu egin ziren. Hori gertatu zitzaidan niri Loreak eta 80 egunean filmak egin genituenean. Badakizu, sinadura-kontuak… Loreak filmak oso harrera ona izan zuen; gero Handia egin genuen, eta jendeak uste zuen… Oso arraroa iruditzen zitzaien. Jende askok bakarka zuzentzeari ekiten dio; nik, berriz, aurreko filmetako gidoilariarekin zuzentzeari. Gero, beste jauzi bat etorri zen: hirurok elkarrekin zuzentzea. Baina hori da gure lan egiteko era: beti gustatu zaigu lankidetzan jardutea.

 

AITOR. Batzuei ez zaie gustatzen, eta berehala antzematen zaie. Izan ere, gauzak… Elkarrizketak egitean ere gertatzen zaigu hori. Guretzat askoz ere konplexuagoa da dena. Eta, jakina, ez gara egongo zain, ea zer dion halakok. Proiektu bakoitzean, geuk nahi eta balioesten duguna egiten dugu, ahal dela behintzat.

 

JON. Inoiz eztabaidatu izan dugu ea ez ote genukeen Moriarti sinadura erabili behar. Izan ere, hemendik kanpo jendeak gehiago deitzen digu «La trinchera egin zutenak», «Loreak egin zutenak», «euskaldunak»… Hemen, berriz, Moriartikoak deitzen digute, ezta?

 

IRATI (LK): Egiazki, oso deitura polita da Moriartikoak.

 

JON. Hori da gure izena, bai, baina ekoiztetxea ere horrela deitzen denez…

 


 

IRATI (LK). Handiari Gidoi Onenaren Saria eman ziotenean, Jon Garaño igo zen antzeztokira eta, hizketan ari zela, gidoia sinatu zuten beste hiru lagunak ere igo egin ziren: Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Andoni de Carlos. Ez da zaila hainbeste jendez osatutako gidoilari-taldeak aurkitzea; zaila, agian, galdera honi erantzutea da: «Nor da filmaren egilea? Bakarra da, edo bat baino gehiago dira?». Hamarkada luzez, estudioa edo ekoizlea izan dira Hollywoodeko filmen identifikazio-bideak; gaur egun, aldiz, zuzendaria izaten da. Erraztu egiten du horrek kazetarien lana, baina zuzendariekin ere badu zerikusia.

 

AITOR. Baina errua ez da bakarrik kazetariena eta zuzendariena. Ego handia daukate zuzendari askok, eta batzuek ez dute ezkutatzen. Ikusleok ere nahi izaten duzue marka bereizgarriren bat, norbaiten filmak bilatzean ezaguna zaizun begiradaren bat.  Baina egia da filmak bakarka eta ofizialki sinatzen dituzten zuzendari gehienek izaten dutela «frontoi» lana egiten dien konfiantzako norbait, hortik ez jotzeko esaten diena: produktore bat, gidoilari bat, ez dakit…, eta agian ez dute sinatzen. Ezkutuko zuzendari moduko bat izan ohi da konfiantzako pertsona hori. Cohen anaiek betidanik egin izan dute hori, ofizialki. Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña ere gogora datozkit; egile-sen handia nabari da haien lanetan. Ez dakit zenbatekoa den sen horren portzentajea, ezta jakin nahi ere, baina lankidetza-adibide bikaina dira. Argazki-zuzendaria ere aipatu duzu… Gainera, dibertigarriagoa da, niretzat behintzat, eta ez da hainbesteko presiorik jasaten. 22.07

 

JON. Bat nator horrekin, baina, aldi berean, ez nator bat. Niretzat, hau da film baten azken emaitza: pelikula osoaren ikuspegi erabatekoa duen norbaiten lana, hasieratik amaiera bitarteko ikuspegia. Horrek ez du esan nahi zuzendaria denik egile bakarra; baina, bai arduraduna, noski. Film bat ez bada ongi geratzen, zuzendariarena izaten da errua, pelikulak egiteko gure moduari dagokionez behintzat. Ez naiz ari Hollywoodi buruz, non ekoizleek maiz sartzen baitute hanka, edo alderantziz. Dena dela, egile asko dituzte filmek. Javier Agirre Erauso, esate baterako, egilea da, soinu-teknikaria eta abar eta abar.

 

IRATI (LK). Elkarlanean aritzeko, gauza asko partekatu behar dira: proiektu bat, ikuspegi bat, estrategia bat, helburu batzuk. Baina, beharbada, hau da garrantzizkoena: gatazkak sortzen direnean, haiek konpontzeko gaitasuna. Enpatia eta asertibotasuna eskatzen ditu prozesuaren alderdi horrek, eta egokiro funtzionatzen du gure lana ebaluatzen ikasten badugu eta lan egiten badugu ahalik eta modurik onenean entzuteko besteen kritikak eta adierazteko geureak.

 

AITOR. Hitzen indarra oso garrantzitsua da niretzat. Zer esaten duzun, eta nori esaten diozun. Konplexua da esatea, eta entzutea ere hala da. Nik uste dut alde batetik saihestezina dela eztabaidaren uneren batean halako toxikotasun-punttu bat sortzea, baina ibilian-ibilian ikasi egiten da, esperientzia hartzen da. Eztabaida entzun, ikusi, zer gertatzen den ulertu, ataka hori gainditu, filmaren on beharrez ari zarela jabetu eta aurrera egin beharra dagoela konturatzen zara, eta eztabaida horiek filmaren onerako direla ondorioztatzen duzu. Askotan, ematen du ez goazela aurrera, baina aurrera goaz. «Ez aurrera ez atzera gaude» esaten diogu gure buruari, baina ataka hori zabaldu baldin bada, hobe ixtea. Filmaren mesederako izango da. Hortik sortzen den energiak laguntzen digu lerro gorri batzuk zeharkatzen. Gizaki orok bezala, guk ere jakin behar dugu non dauden lerro horiek, eta serio ekin gaiari. Gure lana da, bai, baina ez hori bakarrik.

 

JON. Funtsezkoa da, egiazki, Moriarti barruko eztabaiden gaia. Izan ere, eztabaidarik ez balego ez luke funtzionatuko. Baina, aldi berean, oso gogorra da. Izan ere, maiz entzun behar izaten dugu planteatzen duzun horrek ez duela funtzionatzen, edo zuk ideia miresgarritzat zeneukan zer hura ez zela hain miresgarria. Eta hori sarritan entzun ohi dugu. Gogoan izan denbora gehiago ematen dugula elkarrekin geure senideekin baino. Hogei urte daramatzagu elkarrekin ordu asko eta asko igaroz, estres handiko egoeretan, bai eta ospakizun gozoetan ere. Familia moduko bat gara, denok ezagutzen dugu elkar eta denok nahi dugu ahalik eta filmik onena egin. Hor dago gakoa. Ikasi dugu garrantzizkoena ez naizela ni, ez zarela zu, ez dela norberaren egoa, baizik eta filma.

 

IRATI (LK). Ondo kudeatzen bada, elkarlanak aukera ematen du jende askoren gaitasuna, adimena eta bertuteak biltzeko. Horretarako, ondo ezagutu behar da elkar. Hala diote behintzat gure gonbidatuek. Elkarri egokitzen ikasi behar dugu, eta dena garrantzizkoa dela jakin arren, gauza denek ez dutela garrantzi bera ikasi.

 

JON. Niretzat, hau da garrantzitsuena: bereizten ikastea zer den garrantzizkoa eta zer funtsezkoa, azken batean dena baita garrantzizkoa. Eta horrek baldintzatu egiten du filma. Bereizketa horretan datza horren guztiaren gakoa, nire iritziz. Gauzak argi ikusten badituzu, nahi duzuna lortu arte borrokatu behar duzu. Ideia bat baldin baduzu, agian bazkideek konbentzitu egingo zaituzte. Eta bi lagunek gauza bera oso argi ikusten badute, horrek ere birplanteatu egiten du zure jarrera, ahuldu egiten du. Behin eta berriro gertatzen zaigu hori Moriartiko kideoi.

 

IRATI (LK). Eta konturatu behar duzu borrokak galtzen badituzu zerbaitengatik galtzen dituzula. Batzuetan, izan ere, galdu egin behar dituzu. «Jontxo! Arrazoia zuten!» esaten diozu zure buruari. Beste batzuetan, berriz, galdu zenuen borroka hura ez zenukeela galdu behar pentsatzen jarraitzen duzu, eta filmak hor segituko duela. Baina ohartzen zara, aldi berean, jende askori horrek ez diola axola. Xehetasun bat zen, adibide bat. Zer den egiazki garrantzizkoa eta funtsezkoa neurtzea, oso garrantzitsua da hori lanari ekiterakoan. Argi ikusi behar da halako lana beste norbaiten esku utz dezakedala. Jabetu behar dut, halaber, gauza batzuetan Aitor eta Jose Mari ni baino hobeak direla. Hartara, sinesgarritasun handiagoa emango diet esaten dutenari.

 

IRATI (LK). Konfiantzako lankideak hautatzea. Ikuspegi bera partekatzea. Xehetasun bakoitza jorratzea. Ekarpenak egitea, ekarpenak egiten uztea, autokritika egitea, egoa alde batera uztea. Lider izatea. Zenbait erabaki besteren esku uztea. Norberaren burua ezagutzea. Edozein lankidetza-motatarako dira baliagarriak Aitorrek eta Jonek aipatu dizkiguten gaitasun horiek. Prozesuaren azken parteaz azaldu digutena ere kontuan hartzekoa da: konfiantzako jendeari erakutsi behar zaio filma, baina proiektuarekin loturarik ez duenari, ebaluatu eta kanpotik ikusten lagundu diezaieten.

 

JON. Lehenbizi, konfiantzako zirkuluko jendeari erakusten diogu filma, eta gurekin inolako zerikusirik ez duen jendeari. Bestalde, era askotako jendea biltzen saiatzen gara. (Aitorrek hartu du hitza). Eta oso garrantzizkoa da guretzat hori nola egin jakitea; izan ere, Tarkovski gustatzen zaionari agian Spielberg gustatzen zaio, eta Spielberg gustuko duenak ez du gustuko Tarkovski, edo biak gustatzen zaizkio. Beraz, biak —Spielberg eta Tarkovski— gustatzen zaizkion jendea aurkitzen saiatzen gara. Eta honela esaten diogu gure buruari: «Bueno, Tarkovski gogoko duenari honegatik eta hargatik gustatu zaio gure filma». Formula horiek baliagarriak zaizkigu guri esku artean zer dugun ulertzeko. Bizpahiru saio egin ohi ditugu.

 

AITOR. Izan ere, guztiz funtsezkoa da hori. Batzuetan, gainera, batzuen eta besteen arteko loturak ikusten dira. Ikusten duzu, adibidez, bederatzi lagunetik bostek ez dutela ulertu filmaren amaiera. Edo une jakin bat deserosoa egiten zaiela. Edo halako pertsonaia desatsegina dela. Patroi bat atzematen duzu. Eta harrituta geratzen zara. Askotan harritzen gara. Beste askotan, berriz, berretsi egiten ditugu gure iritziak. Harritu egiten gara batzuetan: hain argia zirudien horrek ez du orain hain argia ematen, eta hain garbi ikusten nuen hura ez dut orain hain garbi ikusten. Nik gomendatuko nukeen gauzetako bat zera da, txotxolo samarra sentiarazten nauen arren: lan bat egiten duzunean, ez ezazu argitaratu. Hori da garbien ikusten dudan gauzetako bat. Erakutsi zure lana jende kritikoari, eta hartu denbora-tarte bat gauzak berriro hausnartzeko. 

IRATI (LK). Zenbait aste iraun ohi du film baten grabazioak, baina urteak behar dira prozesu osoa egiteko, hasi gidoia idaztetik eta postprodukzio-lanetaraino, zeinak egileek nahi duten arte luza baitaitezke. Horregatik hurrengo galdera: «Noiz, edo nola, dakizue film bat amaituta dagoela jada?».

 

AITOR. Nire ustez, nabarituz joaten gara. «Film hau prest dago jada, edo ez dago». Loreak filma 2013ko maiatzean grabatu eta amaitu genuen. Eta hau galdetu genion gure buruari: zentzuzkoa ote hiru hilabete barru aurkeztea, Donostiako Zinemaldira garaiz hel dadin? Bada, zergatik ez? Gainera, onak ziren sentsazioak. Gogoan dut eten bat zegoela, baina zera pentsatu genuen: «Zer arraio! Hau askoz hobea izan daiteke, eta itxaron egin behar da».

 

JON. Amaiera aldera egiten diren aldaketa txiki horiei esker, dezente hobetzen da filmen maila, nire ustez.

 

IRATI (LK). Ez da arraroa, zinemaren munduan, bi zuzendarik partekatzen dituzten filmak aurkitzea, eta anaiak dira haietako asko: Cohen, Warchosky eta Lumiére anaiak, esate baterako. Baina ia ezinezkoa da hiru zuzendarik partekatzen duten filmak aurkitzea. La trinchera infinita dugu adibide bakanetako bat. Moriartikoek ez dute baztertzen horretan eragina izatea gizarte-ingurune kooperatibo batean sortu izanak. Euskal ikus-entzunezkoen sistemaz hitz egitean ere ageri da adjektibo hori: kooperatiboa.

 

JON. Ematen du ekoizle bera aritzen dela hainbat jenderen atzean. Ona da harremana. Joxean Fernándezek zioenez, euskal zinemagile klasikoen hiru belaunaldi daude: Pedro Olea, Uribe, Armendariz, hau da, euskal zinema berria; gero, Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia… eta, azkenik, Kimuak belaunaldia. Zenbaitetan taldeko lanak egin izan ditugu, eta askotan elkarrekin aurkeztu gara. Kimuakek bizirik jarraitzen du, baina badago belaunaldi berri moduko bat, bestelako zinema-mota bat egiten ari dena. Zinemagile asko dago, emakumeak ere tarteko direla. Zinemagintzan hainbat emakume aritzen zen, lanbide guztietan, baina gutxiago filmak zuzentzen. Orain, berriz, emakume zuzendari dezente daude, ez-fikziozko zinema egiten, bestelako zinema-mota bat. Aitorrek zioenez, euskal zinemagintza ezin da etiketatu zer uniforme gisa. Hor dago, esate baterako, Errementari, euskarazko zinema fantastikoaren adibide bat.

 

AITOR. Jakina, Errementariri ondo baldin badoakio, besteoi ere ondo doakigun seinale. Hori da gure ikuspegia, gure espiritua. Beti egongo da norbait gauzak horrela ikusten ez dituena, baina talde-lanean zerbait eraikitzeko bidezko ikuspegi batetik begiratuta, Ondar ahoaki gauzak ondo joan izana ona da euskal ikus-entzunezkoen sektorerako, zalantzarik gabe. Zintzotasuna nabari da, eta batzuk mugarri batzuk jarri ditugula, eta beste batzuek beste batzuk, eta horrek ere lagundu egiten du. Egiazki diot. Bestalde, ondo dago norbaitek beste zerbait egitea, guk egin dugunaz oso bestelakoa. Esate baterako, Imanol Gallok estreinatu berria du Hil kanpaiak. Izugarria da, euskarazko thriller bikain bat, oso egokia abanikoa osatzeko.

 

JON. Dena den, horrek ez du esan nahi lehiarik ez dagoenik. Zinemaldira joan eta Irizar Saria eskuratzen ahalegintzen bagara, geuk irabazi nahi dugulako da (barre-algarak).

 

IRATI (LK). Denboraren iragaitea. Oroimenaren ahuldadea, oroitzapenak eraikitzeko daukagun modua, hurbil ditugun pertsonekin komunikatzeko dugun zailtasuna, besteekin harremanetan jarduteko gure ezintasunak eragiten digun bakardadea. Moriarti ekoiztetxearen orain arteko lau film luzeek oso istorio desberdinak kontatzen dituzte, baina badago halako lotura bat gaien artean, egileak kontzienteki horretan ahalegindu ez arren.

 

JON. Normalean, kontatu nahi duzuna filmatzen duzu. Beraz, pentsatzekoa da hori generamala guk barruan.

 

AITOR. Bai, ados nago horrekin. Antzeko buruak ditugu. Obsesioak ere bai. Kutsu malenkoniatsuko filmak egiten ditugu. Izan ere, malenkonia ere zinematografikoa da. Ez dakit malenkoniatsua den hitz egokia. Kontua da bakardadeak zaurgarritasuna sustatzen duela, eta iruditzen zaigu horrek ikuslearekin lotzen gaituela. Zaurgarritasunak zenbait gauza ikusarazten dizkigu… Niri hala gertatu izan zait, eta ikusleari gustatu egin zaio. Top ten bat egiten dugu. Eta beti film batek irabazten du. Urte berean estreinatutako filmen top ten bat. Filmena eta plataformena. Eta zenbait zuzendariri eman behar zaizkie sariak. Clint Eastwoodi, Sofía Coppolari, Tarantinori…

 

IRATI (LK). Moriartiak. Urrezko Moriartia. Zilarrezkoa.

 

JON. Amigo Saria ere hor dago. Gurekin harreman berezia izaki gurekin zuzenean lan egin ez duen baina bidelagun izan dugun norbaiti ematen diogu.

 

AITOR. Hamazazpi daramatzagu jada.

 

JON. Telefonoz deitzen diegu, saritu egin ditugula jakinarazteko.

 

IRATI (LK). Clint Eastwoodi deitzen diozue…

 

AITOR. «Zer arraio da hau?», esaten diogu gure buruari; «zer arraio da Moriarti sarien kontu hori?».

 

JON. Aurten, hogei urte beteko ditu Moriarti Produkzioak etxeak. Baina, egia esan, 1999an ezagutu genuen elkar…

 

IRATI (LK). Filmak zuzendari baten obratzat jotzen diren gure mundu honetan, emaitza harrigarriak ekarri ditu bi —edo hiru— zuzendariren arteko lankidetza-sistemak. Intimistak dira filmak, itxura batean, eta gaitasun emozional izugarrikoak; norberaren sentipen partikularrak unibertsal bihurtzen dituzte, esanguratsuak eta oso ahaltsuak bilakatzen dituen kutsu mitologiko batez horniturik. Ez dakigu nola sinatuko duten hurrengo lana; proiektuaren ezaugarrien mende omen dago. Edonolakoa dela ere, badakigu ahalik eta ondoena hausnartua eta egina izango dela, eta norabide berean egingo dutela arraun denek. Talentua batuz. Elkarlanean jardunez. Lagun artean, harmonia onean.

 

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Iruzkin bat utzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Oinarrizko informazioa Datuen babesaen inguruan
Arduraduna
Lan Kide Aurrezkia Kred.-Koop protecciondatos@laboralkutxa.com
Helburua
Blogeko azken argitalpenen berri aldizka ematea
Legitimazioa
Baimena "harpidetu" sakatzean
Hartzailea
Newsleterra bidaltzeko, posta elektronikoaren bidezko jakinarazpenen gestio automatizatua egiten duen zerbitzu bat erabiltzen dugu (MailChimp), AEBren eta EBren arteko "Privaty Shield" hitzarmenari atxikitako konpainia estatubatuar batek ematen duena. Haren pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen.
Eskubideak
Zure datu pertsonalak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta beste eskubide batzuk erabili ahal izango dituzu, informazioa gehigarrian azaltzen den moduan
Informazio osagarria
Gure Datuak Babesteko Politikan jaso dezakezu informazio zehatza eta osagarria. Guztia www.laboralkutxa.com webgunean

 

Cookie propioak eta hirugrarrenenak erabiltzen ditugu zure irisgarritasuna hobetzeko. Zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko eta iragarkiak erakusteko.
Webgunean nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula joko dugu.
Informazio gehiago Cookien gaineko politikan.