Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

[INFOGRAFIA] Zer diote Interneten etxebizitzari buruz?

Gai gutxi dira etxebizitza bezain garrantzitsuak herritarrentzat eta ekonomiarentzat. Erostea edo alokatzea? Bakarrik bizitzea edo etxea partekatzea? Erdigunean etxe garestia erostea edo kanpoaldera joatea eta garraio-gastuei aurre egitea? Etxebizitzari buruz hartzen ditugun erabakiek askoz eragin handiagoa dute gure bizitzan gainerako erabakiek baino. Hori dela eta, LABORAL Kutxan, gai horri buruz ikertzea erabaki dugu, eta beste gai batzuekin (aisia, kirola eta familia, besteak beste) egin dugun bezala, analisi xehatu bat egin dugu Interneten, gizarteak zer iritzi duen jakiteko. Sarean 2016an eta 2017an eman diren 3.101 iritzi aztertu ondoren, hauek dira atera ditugun ondorio nagusiak.

Alokairua ala hipoteka?

Lehenago esan dugunez, erosi ala alokatu erabakitzea da etxebizitzaren inguruan hartu behar ditugun erabakirik garrantzitsuenetako bat. Eta, jakina, aukera bakoitzak alde onak eta alde txarrak ditu. Alokatzea erabakitzen dutenen iritziz, mugimendu-askatasuna da arrazoirik garrantzitsuena; hau da, edozein unetan etxe handiago batera, beste auzo batera, beste herri batera edota beste herrialde batera joateko aukera izatea. Bestalde, etxea erosteko hipoteka eskatzen duten pertsonek adierazten dute finantza-abantailak dituela aukera horrek. «Bai, merkeagoa da», dio jaso dugun iritzi batek, «dirua prezio onean dagoenez, % 2,5eko interes finkoko hipoteka bat lor dezakezulako; beraz, badakizu zer ordainduko duzun beti, eta zenbakiak ezin hobe ateratzen dira».

Edozer erabakitzen dela ere, pozik geratzea da garrantzitsuena, jakina, eta Interneten iritzia eman duten pertsonen % 28k pozik dagoela dio.

Etxea aukeratzerakoan, zein dira aintzat hartzen diren alderdi nagusiak? Garrantziaren arabera, hauek dira: hirigunetik hurbil egotea, eremu zabalak izatea, garraio publikoa eskura izatea, berdeguneetatik hurbil egotea eta aparkatzea erraza izatea.

Etxea partekatzeko erronka

Ezegonkortasun ekonomikoa. Interneten etxea partekatzeko arrazoiei buruz hitz egiten duten pertsonen % 30ek arrazoi hori ematen du. Haietako asko beste herrialde edo herri batetik etorritako pertsonak, emantzipatu diren gazteak, bikotekide ohiak eta lagunak dira. Hain zuzen, etxea partekatzen duten pertsonen % 36k ezezagunekin partekatzen du; % 30ek, lagunekin; % 26k, senideren batekin; eta gainerako % 8ak, beste pertsona batzuekin.

Elkarbizitzaren arazorik ohikoenak gastuekin, garbitasunarekin, janariarekin eta bisitekin daude lotuta. Gainera, etxea partekatzea erabaki duten pertsonen irrikarik handiena leku handiagoa izatea da, eta norberaren zaletasunekin gozatzeko gela bat izatea.

Nolakoa da gure ametsetako etxebizitza?

Ametsetan hasita, denok dakigu nolakoa izango litzatekeen leku ideal hori. Dirudienez, tamaina da gehien balioesten duguna. Ametsetako etxebizitzak 150 metro koadro ditu. Gehien balioesten den bigarren ezaugarriak ere tamainarekin du zerikusia: hiru logela nahi ditugu, baita gure zaletasunetarako beste gela bat ere. Hirugarrenik, etxebizitza ezin hobe horrek gutxienez bi bainugela izatea nahi dugu. Eta, azkenik, berdeguneak, igerilekua, balkoia edo terraza, eta garajea eta trastelekua izatea gustatuko litzaiguke.

Colivinga: lana, etxebizitza eta aisia leku berean

Ingurune natural batean bizitzea, sormenez eta beste pertsona batzuekin harremanetan lan egiteko. Hori da colivinga, eta, Sarean ikusi dugunaren arabera, gazteek positibotzat hartzen dute ekimen hori. Elkarbizitza mota hori interesgarria iruditzen zaie, bestelako esperientzia bat izateko aukera ematen baitie. Colivingaren alde dauden pertsonen % 45en ustez, turismo-, lan- eta egunerokotasun-sentsazioa ematen du, eta horregatik da interesgarria. % 35ek dio negozio-ideiak partekatu eta beste pertsona batzuk ezagutu daitezkeelako gustatzen zaiola, eta % 20k ingurune natural eta iradokitzaile batean lan egiteaz gozatzen duela.

Aitzitik, haien ustez, prezioa da networkingaren, coworkingaren eta aisialdiaren arteko nahaste horren arazorik handiena; izan ere, munduan gero eta pertsona gehiagok haren alde egin arren, garestia da. Jaso dugun iritzi baten arabera, «kontua da pertsona bakoitzak 500 eurotik gora ez ordaintzea, sekula». Prezio horretan, beste baten arabera, «talde nomada batean sartzea eska dezakezu, sare sozialetan zein horren inguruko plataformetan eta foroetan. Horri esker, aukeratutako lekuei buruzko informazioa lortu eta aholkua eska dezakezu, edo iristen zarenean ezagutzen duzun norbait han egongo dela ziurtatu».

Cohousinga, ekimen interesgarri bat adinekoentzat

Ikusi dugunez, coworkingak gazteak erakartzen dituen antzera, adinekoei elkarbizitza partekatzeko beste ekimen bat gustatzen zaie gero eta gehiago: cohousinga. Ideia oso ulerterraza da: bizitzaren antzeko ikuspegia duten eta erretiratzeko adinean dauden pertsonek ados jarri eta elkarrekin bizitzeko kooperatibak sortzen dituzte, baina, betiere, nork bere pribatutasun-guneak izateko asmoarekin.

Elkarbizitza mota horrek aukera ematen du komunitate baten barruan independentziari eusteko, eta hori da haren alde egiten duten pertsonen arrazoi nagusia. «Elikadura osasungarria emango digun leku bat; berdintasuna sentiaraziko diguna; autonomia pertsonala sustatzen duena; gaixotasunei erantzunak ematen dizkiena, komunitatearen baliabideak aintzat hartuta; gizartean parte hartzeko aukera ematen duena; ikasten jarraitzeko leku bat; belaunaldien arteko harremanak ezartzeko leku bat; independentziari, askatasunari eta pribatutasunari eusteko leku bat; eta nork bere burua baliagarri sentitzeko leku bat».

 

infografia etxebizitza

Iruzkin bat utzi

Utzi iruzkina

Zure email helbidea ez da argitaratuko. Sartu beharreko datuak markatuta daude *


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Cookie propioak eta hirugrarrenenak erabiltzen ditugu zure irisgarritasuna hobetzeko. Zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko eta iragarkiak erakusteko.
Webgunean nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula joko dugu.
Informazio gehiago Cookien gaineko politikan.