Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

Zer esaten dugu Interneten kontsumo-produktu iraunkorrei buruz?

Kontsumo-produktu iraunkorrak - Infografía

Jendeak eguneroko bizitzako funtsezko gaiei buruz zer iritzi duen jakin nahi izaten dugu LABORAL Kutxan. Nola imajinatzen dugu geure etxebizitza ideala? Zertan ematen dugu astialdia? Gustura gaude banku-produktu garrantzitsuekin, hala nola hipotekarekin? Aldian-aldian Internetera jotzen dugu erantzun bila, gaur egungo informazio- eta harreman-eremu zabal horretara. Azken asteotan berriz bisitatu dugu, kontsumoko produktu iraunkorrei (autoei, etxetresna elektrikoei, teknologiako produktuei…) buruzko iritziak —3.000 baino gehiago— aztertzeko. Eta hauxe ikasi dugu:

Prezio ona eta produktu onak nahi ditugu

Azterketak argi utzi du: gure produkturik gustukoenak beraien ezaugarri teknikoei egokitutako prezioan eskuratu nahi ditugu. Hona gehien azpimarratzen ditugun ezaugarriak: berritasuna (% 24), esklusibotasuna (% 20), diseinua (% 16), iraungarritasuna, eskuragarritasuna (%10), (% 12), errentagarritasuna (% 9), dibertsioa (% 9). Badirudi ohiko lema («ona, polita, merkea») berritu besterik ez dugula egiten, baina, egia esan, produktu iraunkorrak erosterakoan dena nahi dugu: prezio ona, berritasuna eta esklusibotasuna.

Zerk bultzatzen gaitu produktu bat erostera?

Zergatik aukeratzen dugu hau eta ez bestea? Aztertu ditugun iritzien % 70en arabera, produktuaren ezaugarriez harago doazen balioek edo zerbitzuek bultzatuta egiten dugu erosketa. Produktuak antzerakoak izanik, bost arrazoik bultzatzen gaituzte produktu baten edo bestearen alde egitera: markari lotutako balioak, bezeroarentzako arreta zerbitzua, lagunen eta senideen aholkuak, gizarte-erantzukizuneko balioak eta bermea.

Eta zerk bultzatzen gaitu ez erostera?

Kontsumitzaile gehienek diote praktikoak direla eta ezer erosi aurretik zertan erabiliko duten aztertzen dutela. «Eros dezaket?», horixe galdetzen du lehenik eta behin kontsumitzaileen % 30ek produktua erosi baino lehen. % 26k benetan behar duen aztertzen du, eta % 24k dio arrazoi etikoak eta ekologikoak ere hartzen dituela aintzat: «kutsatu egiten du?», «nork eta zer baldintzatan fabrikatu du?». Azkenik, % 20k produktua amortizatuko ote duen aztertzen du; alegia, denboran probetxua aterako dion. Pertsonen ehuneko berak uste du fabrikatzaileek produktuaren balio-bizitzaren amaiera programatzen dutela eta «zaharkitzapen programatu» horrek sinesgarritasuna kentzen diola erosketari.

Bigarren eskuko merkatuak gora egin du

Internetek azaleratu duenez, merkataritza alternatiboa geroz eta zabalduago dago eta bigarren eskuko merkatuak erosteko lehen aukeratzat nagusitu dira. Horrekin batera, beste aukera batzuk ere gora datoz, hala nola merkataritza ekologikoa, hurbileko saltokiak, bidezko merkataritza, rentinga, alokairua eta DIYa (Do it yourself edota, «Zuk zeuk egin»). Interneteko elkarrizketetan agerian gelditu da geroz eta interes handiagoa dagoela hurbileko saltokiengatik, kontzientzia ekologikoagatik eta gizarte-erantzukizunagatik.

Adina, produktuak baloratzeko funtsezko aldagaia

Nerabezaroan, produktu teknologikoen erabilera taldeko kide izateari lotuta ageri da. Gazteenentzat, ordenagailuak, tabletak, telefono adimendunak eta bideokontsolak produktuak baino gehiago dira: belaunaldiaren ikur ere badira. Adin-tarte horretatik kanpo, erositako produktuarekiko gogobetetasunean beste alderdi tradizionalago edo ideologikoago batzuk sartzen dira, hala nola kalitatea (% 50ek aipatzen du), iraungarritasuna (% 30ek) edo eko-iraunkortasuna (% 20k).

Kontsumitzeaz gain, prosumitu ere egiten dugu

Internetek kontsumitzeko modua eraldatu du. Erosteaz gain, era guztietako hedabideetan gure iritzia emateko aukera ere badugu eta, beraz, beste pertsona batzuengan eragin dezakegu. Prosumitzaileek geroz eta eragin handiagoa dute foro eta erkidegoetan, beraien espezializazio-maila dela eta: produktu bat kritikatu edo goraipatzen dute, xehetasun bakoitza zorrotz aztertzen dute, hirugarren pertsonen erosketa-aukeran eragiten dute eta inoren zalantzak argitzen dituzte.

Kontuan hartu beharreko beste publiko bat: produktu jakin batzuen zaleak, gomendioak gogotsu ematen dituztenak, emozioa eta alor teknikoa nahastuta. Sare sozialetan sutsu defendatzen dituzte produkturik gogokoenak, nahi dutena erosteko ilara amaigabeak egiten dituztela aitortzen dute, eta taldearekin guztiz konprometituta ageri dira. Beste muturrean daude «trolak» —nahiz eta inork gutxik onartzen duen termino hori bere burua izendatzeko—: trolek apropos xaxatzen dituzte besteak, zentzugabeko eztabaidak eta ezbaiak sustatzeko eta marken izena zikintzeko.

Erosi den lekuak asko esaten du markari buruz

Gure azterketan azaleratu denez, merkataritza-zentroetara jotzen dugu produktu aukera handiagoaren bila, eta tokiko saltokietara jotzen dugu, berriz, konpromiso sozialak bultzatuta edota arrazoi sentimentalak eta emozionalak tarteko. Interneten erosteari dagokionez, merkeagoa eta errazagoa izateaz gain, abantaila ugari eskaintzen ditu, produktuak laster iristen direlako eta ingurune moderno, ikusgarri eta grafikoa eskaintzen duelako. Azkenik, turismo-zentroetan erosketa gehienak bat-bateko bihozkada baten ondorioz egiten dira, bai eta dirua gastatzeko aldez aurreko joera egoten delako.

Iruzkin bat utzi

Utzi iruzkina

Zure email helbidea ez da argitaratuko. Sartu beharreko datuak markatuta daude *


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Cookie propioak eta hirugrarrenenak erabiltzen ditugu zure irisgarritasuna hobetzeko. Zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko eta iragarkiak erakusteko.
Webgunean nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula joko dugu.
Informazio gehiago Cookien gaineko politikan.