Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

logo-up logo-up-mobile
Sarrera Online banka

Euskara eta teknologia LABORAL Kutxan

Euskara eta teknologia LABORAL Kutxan

Askatasunak norberarenak dira, baina eskubide direla erabakitzen dugunean gizarte osoaren parte hartzea behar dutela aitortzen diegu. Euskarara eta hizkuntz eskubideetara ekarrita, horrek zera esan nahi du, euskal hiztunak bere eskubideak bermatuta izateko harekin euskaraz egingo duten herritarrak behar dituela.

LABORAL Kutxan argi daukagu hori eta jaio ginenetik saiatu gara konpromiso sendoa mantentzen gure bezeroen, langileen, bazkideen eta gizartearen eskubideekin. Baita teknologia arloan ere, jakina. Geu izan ginen, esate baterako, kutxazain automatikoak euskaraz ere jarri zituen lehenbiziko finantza-erakundea. Ez da euskara plaza digitalera ekartzeko egin dugun ahalegin bakarra. Jarraian, horietako batzuk, euskarara sarera jalgi dadin asmoz egindakoak.

Kutxazain automatikoak

Hamarkadan hasi ginen gure sukurtsaletan kutxazain automatikoak jartzen eta lehen kreditu txartelak banatzen. Orain kostatu egingo litzaiguke horiek gabeko banku zerbitzua imajinatzen! Hasierako kutxazain horiek ez zuten gaur egungokoekin antzik, askoz aukera gutxiago ematen zituzten eta nekez pentsa zitekeen egunen baten munduko beste kutxazain batera dirua bidaltzeko aukera emango zutenik, kredituak eskatzeko aukera izango zutenik edo txartelik gabe ere funtzionatuko zutenik, telefono hutsarekin. LABORAL Kutxaren kutxazainek mila aukera desberdin ematen dituzte orain. Gaztelaniaz zein euskaraz, jakina, aintzindariak izan baikinen gure kutxazain automatikoak bi hizkuntzatan programatzen.

Gure webguneak

Une honetan, LABORAL Kutxak dituen webgune zein blog guztiak euskaraz eta gaztelaniaz irakur daitezke (orokorra, bloga, korporatiboa, prentsa aretoa, Gaztenpresa Fundazioarena eta Enpresentzako blogarena). Kontu handia jartzen dugu, gainera, URL edo helbideak ere euskaraz jartzeko webgunea euskaraz erabiltzen duenarentzat. Esate baterako, gure blog nagusia blog.laboralkutxa.com helbidean aurki daiteke gaztelaniaz baina bloga.laboralkutxa.com da euskaraz. Berdin gure nortasuna, historia eta gizarte erantzukizuna laburbiltzen dituen webgunean ere: corporativo.laboralkutxa.com helbidean aurki daiteke erdaraz eta korporatiboa.laboralkutxa.com da euskaraz.

Webgune horietan ditugun eduki guztiak euskaraz eta gaztelaniaz aurki daitezke, berdin-berdin. Ez bakarrik idatzizkoak, baina infografiak ere, bideoak eta bestelakoak. Gure bezeroek eskubidea dute haiei dagokien informazioa nahi duten hizkuntzan bereganatzeko eta horretan saiatzen gara. LABORAL Kutxan baditugu ia 70.000 bezero euskara hutsean komunikatu nahi dutela esan digutenak eta horiei zor diegu euskarazko komunikazioa edozein euskarritan eskaintzeko bermea.

Gure politika argia da, zentzu horretan eta euskararen alde ari diren erakundeen aholkuak jarraitzen ditu. Bezero guztiei ematen diegu hizkuntza aukeratzeko modua. Euskara nahi duenak, euskaraz jaso behar luke informazioa. Gaztelania nahi duenari, informazio elebiduna ematen zaio. Horrela, euskarak ikusgarritasuna irabazten du eta euskaraz ikasten ari denak hortxe dauka hobetzen joateko aukera.

Online Banka

Aldaketa prozesu bizi-bizian dago gure Online Banka. Jada 100.000 bezerok baino gehiagok erabiltzen duten mugikorrentzako aplikazio berria sortu genuen ekainean, datozen hilabeteetan zehar mamituko diren beste hainbat aldaketaren atariko. Zer esanik ez, aplikazio hori euskaraz ere jaso daiteke, goitik behera. Izan ere, 2010etik eskaintzen ditugu mugikorrerako zerbitzuak gure bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Gizarte sareak

Gizarte sareen ezaugarri teknologikoek aukera handiak ematen dizkigute hizkuntza politikari dagokioenean. Sare bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, banan-banan ikusiko ditugu.

Buletinak

Duela urte mordotxo bat, RSS eta gizarte sareen etorrerarekin, bazirudien emaila zaharkituta geratuko zela. Ez da horrela izan, ostera. Eta newsletterrak edo buletinak jasotzeko ohitura inoiz baino sendoagoa da. LABORAL Kutxatik aspaldi bidaltzen dizkiegu buletin elebidunak gure bezeroei, haientzat interesekoa izan litekeen informazioarekin. Duela hilabete batzuk gure blogaren edukiak ere modu honetan bidaltzen hasi ginen.

Horrez gain…

Ez dira hor bukatzen euskararekin edo, hobe esanda, euskal hiztunekin hartu ditugun konpromisoak. Bezeroekin informazioa eta dokumentazioa euskaraz eskaintzen ditugula esan dugu baina baita arreta ere, telefonoz zein bulegoetan, euskaraz egin nahi dugu. Horregatik LABORAL Kutxaren edozein bulegotan egon behar da gutxienez langile bat euskaraz arreta egiteko gaitasuna duena. Konpromiso horri eusteko, aspaldi eskuratu genuen Bai Euskarari agiria gure sukurtsal guztietarako. Eta aurten, gainera, UEMAko udalerrietan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dugu.

Publizitatea eta komunikabideekiko harremana ere elebiduna izatea gure ardura nagusietakoa da. Publizitatean erabiltzen dugun euskara gainbegiratzeko alor horretan adituak direnei laguntza eskatzen diegu eta gure kanpaina guztiak zaintzen eta hobetzen dituzte.

LABORAL Kutxaren Euskara Zerbitzuak baditu jada 30 urte. Ordutik, urtero egiten dugu euskararen Gestio Plana, Euskararen Plan Estrategikoak hiru urterako eskaintzen dituen helburuetan oinarrituta eta horren kontrola egiteko Euskararen Talde Teknikoa hilabetere batzen da. Berari dagokio, gauzak ongi ez badoaz neurri zuzentzaileak proposatzea. Zuoi, berriz, irakurleoi, edozein akats edo hobetzeko aholku guri helaraztea. Aplikazio informatikoak, webguneak… dena dago bezeroen eta gizartearen zerbitzura eta, beraz, hobetu daitekeen edozer hartuko dugu kontutan. Gure blogean irakur dezakezu euskararen alorrean egiten dugunari buruzko informazioa osatua. Hortik aurrera, zeurea da hitza!

Iruzkin bat utzi


Harpidetu

Newsletter-era harpidetu zaitez

* Derrigorrezko eremua

Cookien erabilera

Gure webgunean, cookieak erabiltzen ditugu web-orrietan sartzen zarenean. Besteak beste, erabiltzen duzun nabigatzailearen, aukeratutako hizkuntzaren eta konfigura daitezkeen beste elementu batzuen berri izateko balio dute. Horri esker, normaltasunez nabiga dezakezu webean. Gehiago irakurri.

X